mundua

Etxean dira Mendebaldeko Sahararen aldeko manifestazioan atxilotu zituzten espainiarrak

Marokoko Poliziak "tratu desegokia" eman diela salatu dute. Larunbatean atzeman zituzten 11 lagun, eta gaur heldu dira Kanariar Uharteetara.

2010eko abuztuaren 30a
13:33
Entzun
Mendebaldeko Saharako herriaren alde larunbatean Aaiunen (Mendebaldeko Sahara) Marokoko Poliziak atxilotu zituen 11 espainiarrak etxean daude gaur goizetik, Kanariar Uharteetan. Espainiako Gobernuko ordezkaritza batek lagunduta egin dute etxerako bidaia, itsasontziz. Haiekin heldu dira eurekin manifestazioan parte hartu zuten beste hiru espainiarrak.



Nazio Batuen Erakundeak Aaiunen daukan egoitzan salaketa sartu zuten atzo, Marokoko Poliziak "tratu desegokia" eman dielakoan. Espainiako Gobernuak adierazi du kontuak eskatuko dizkiola Marokori.

Mohamed VI.a Marokoko erregeak hilaren 20an berretsi zuen estatuko "hegoaldeko eskualdeei" autonomia emango diela, eta berriro zioen Mendebaldeko Sahara Marokoko parte dela.

1975ean, Hassan II.a Marokoko erregeak aginduta, 350.000 lagun joan ziren Espainiaren menpe zegoen Mendebaldeko Saharara. Martxa berdea izena jarri zioten ekimenari. 1976an Marokok okupatu egin zuen Mendebaldeko Sahara, Espainiak berau utzi ostean. Aljeriaren eta Marokoren arteko borrokak izan ziren han eta, azkenean, Marokoren eta Mauritaniaren kontrolpean geratu zen lurraldea.

Fronte Polisarioa lehenago sortu zuten -1973an-, eta Mendebaldeko Sahara estatu independente bihur dadin aldarrikatzen du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.