ASIAKO ITSASIKARA

«Etxera itzultzeko beldur gara»

arantxa elizegi egilegor
2004ko abenduaren 29a
00:00
Entzun
eldurra da nagusi hondamenditik bizirik atera zirenen artean. Gehienek ez dute beren etxeetara itzuli nahi, olatu erraldoi gehiago agertuko direlakoan. Kaltetutako herrialdeetako biztanle askok zuten guztia galdu zuten ordu gutxi batzuetan. Gehienek gertuko norbait ere galdu dute. «Zergatik ez gintuen inork ohartarazi? Zientzialariak oporretan al zeuden?», zioen Phuket uharteko herritar batek.

Sri Lankan, bost minutuan 300 metro egin zuen gora itsasoaren mailak eta harrapatu zuen guztia suntsitu zuen. Indonesiako Aceh eskualdean, jendea mendietan ezkutatuta dago. Ez dute etxera itzuli nahi, han seguruago sentitzen direlako. «Gorpuak nonahi aurki daitezke. Gose gara. Nazioarteko laguntza ez da iritsi», salatu zuen Kevin Kartasasmita Jakartako (Indonesia) herritar batek. Indiako Madras hiritik gertu bizi zen Raja hiru urteko alabarekin. Igandean, baina, olatu erraldoi batek itsasora jaurti zituen eta Rajak ezin izan zion bere alabari eutsi. Bera bezala, Kanaga Chettkuluan hondartzan bizi zirenek ere beren etxeak galdu zituzten. Askok han gordetzen zituzten beren ondasun guztiak. Orain erabateko pobrezian bizi dira. «Giza laguntza bidean dela diote agintariek. Plastikozko poltsetan banatutako arroza da jaso dugun laguntza bakarra», esan zuen Sandtik Kanaga Chettkuluanen bizi den 40 urteko emakume batek. Indiako Dravidako Herritarren Alderdiko politikariak izan ziren atzo han. Lehen ministroari laguntza eskatuko ziotela iragarri zuten bozgorailuetatik. Minutu gutxi batzuk igaro zituzten herrian, eta ondoren, alde egin zuten. Kanaga Chettkuluan herriko biztanleek errepidean eserita igaro zuten atzo eguna. Raja Shekarren arabera, ez dute zain egon beste zereginik, ezin dituztelako agintariak zerbait egitera behartu.

Erietxeak gainezka

Seismoa izan eta ordu batzuetara itsasoa zakar zegoen oraindik. Olatuen soinua urrundik entzun zitekeen. Madrasen, Indiako herririk kaltetuenetariko batean, erietxeak lanez gainezka zeuden. Ospitale publikoko medikuak ez ziren nahikoak zauritu guztiak artatzeko. Anbulantzien sirena hotsa etengabe entzuten zen kaleetan. «Emakumeak eta haurrak dira zauritu gehienak», azaldu zuen erietxeko medikuetako batek.

Andamans (India) uhartean zegoen oporretan Craigen anaia. Hura bizirik atera zen. Baina uhartean 3.500 hildako inguru eragin zituen itsasikarak. «Eraikinak eta aireportuak itxita daude edo urak suntsitu ditu. Ehunka soldadu ari dira salbamendu lanetan», azaldu zuen Craigek.Chennai herrian antzeko egoera bizi zuten. Vijairen esanetan, seismoa izan eta bi egunetara, egoera erabat nahasia zen: «Ez dago gorpuak identifikatzeko denborarik. Asko eta asko nor diren jakin aurretik lurperatu dituzte».Sri Lankan egoera ez zen hobea. Killinochiko erietxeko medikuek ez dute nahikoa baliabiderik. Bala Karunakaran medikuetako batek azaldu zuenez, gorputegia gainezka dago eta herenegun gauean bakarrik 700 zauritu eta 120 gorpu gehiago ekarri zituzten: «Ez dut inoiz inon halako nahasterik ikusi».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.