Kurdistango gatazka politiko eta militarra "konponbidean" jartzeko adierazpen bat prestatzen ari dela jakinarazi du Abdullah Ocalan PKK Kurdistango Langileen Alderdiko buruzagi presoak. BDP alderdi kurduko ordezkariek bisita egin zioten atzo Imraliko espetxean, eta gutun bidez adierazi du etzi, martxoak 21, zabalduko duela adierazpena, Newroz kurduen urte berriko jaiarekin: "Beste bizitza bat galdu gabe konpondu nahi dut armen auzia".
Adierazpena "historikoa" izango dela ziurtatu du Ocalanek, eta bake prozesua egonkortzeko "berea" egin dezala eskatu dio Turkiako Parlamentuari. Prozesua "bide onetik" doala azaldu du Ocalanek gutunean, eta gaineratu du helburua "Turkia osoaren demokratizazioa" dela.
Haren adierazpena "su-etenetik harago" joango dela ziurtatu zuen iragan astean, berriz, BDP alderdiko buru Gultan Kisanakek. Esan zuenez, bake prozesuan aurrera egiteko batzorde ugari osatzera ere deituko du Ocalanek. Turkiako zerbitzu sekretuak aritu dira Ocalanekin negoziatzen 2012 amaieraz geroztik.
PKK Kurdistango Langileen Alderdiak 1984. urtean bide armatuari ekitea erabaki zuen, Turkian bizi diren hamabi milioi kurduen autodeterminazio eskubidea aldarrikatzeko xedearekin. Geroztik, 45.000 hildako inguru izan dira. 1999. urtean, PKK-ko buruzagi Abdullah Ocalan atxilotu zuten, eta irla batean du preso Turkiak.