Jeroen Dijsselbloem Euroguneko presidenteak adierazi du mahai gainean ez dutela izango Grezia eurotik ateratzeko eztabaida, baina ohartarazi du orain arte hartutako konpromisoak betetzen ez badituzte Europako Batasunak diru laguntzak etengo dituela. 2010etik 240.000 milioi euro jaso ditu Greziak bi erreskatetan.
"Greziako edozein gobernuk beharko du Eurogunearen babesa", esan du Der Spiegel Alemaniako egunkariak argitaratu duen elkarrizketan. Iragarri du negoziatzeko prest daudela eta murrizketa programen diseinuaz hitz egiteko ere bai, baina oharatarazi du baldintzarik gabeko krediturik ez dagoela.
Eurogunearentzat lehen egin beharrekoa orain arteko laguntzak luzatzea da. Otsailaren 28ra artekoak dituzte hitzartuta, eta luzatu ezean martxoaren 1etik aurrera ez lituzke Greziak bigarren erreskateko azken zatiko 1.800 milioi euroak jasoko. Luzapen hori, ordea, Greziak eskatu behar du, jarduneko gobernuak egiten badu ere.
Bundesbank: "Greziak akordioak errespetatu behar ditu"
Alemaniako banku zentraleko presidentea izan da Atenasera oharra bidaltzen lehena. Jens Weidmannek gogorarazi dio buruzagi hautatu berriari herrialdeak laguntza beharrean jarraitzen duela, baina Europak ez diola eskurik luzatuko hark baldintzak bete ezean. "Kontuan har dezala hori gobernu berriak, eta ez ditzala egin bete ezin dituen promesak".
Izan ere, dagoeneko bi erreskate jaso ditu Greziak, eta adituek ez dute baztertzen hirugarren baten beharra izatea.