Robert Fico Eslovakiako lehen ministroak eta Alfred Gusenbauer Austriako kantzilerrak mugako langa zerratuz egin zieten ongi etorria Schengeneko herritarrei. Hala adierazi du Ficok: «[Atzoko] gauerditik aurrera Estoniatik Portugalera dauden 4.000 kilometrotan, kontrolgunerik pasa gabe bidaiatu dezakezu». Eremuan sartzearekin bat itsaso eta lurreko barne mugak kendu dituzte, 2008ko martxoa arte, ordea, ez dituzte aireportuetakoak kenduko.
«Mugarik gabeko esparru hain zabala sortu izana une historikoa» dela uste du Jose Manuel Durao Barroso Europako Batzordeko presidenteak. Mugikortasuna errazteaz gain, Sobiet Batasunaren parte izan ziren ekialdeko estatuen eta Europa erdialdekoen arteko muga zergak deuseztea ere ekarriko du. Halaber, bi estatutan banatuta gertatu ziren familiartekoen harremana erraztuko du, Polonia eta Alemaniaren arteko mugak banatuta bizi izan direnen kasuan, besteak beste.
Schengen eremuak EB Europako Batasuneko hiritarren mugikortasun askea posible egitea du xede, baita segurtasuna indartzeko helburuz datu base amankomuna sortzea ere. SIS Schengen Sistema Informatikoak polizien datuak batera izatea dakarkie eremua osatzen duten estatuei. Horren haritik, zabalkundeak segurtasun maila handiagoa ekarriko duela ziurtatu dute agintariek, hala ere, asko beldur dira barne mugak kentzeak kalteak sortuko dituen. Besteak beste, Txekiako herritarren laurden bat beldur da terrorismoa, giza eta droga trafikoa handitzea ekarriko duen.
POLONIAKO MUGA BERRIAK. Gaurtik Europako ekialdeko muga garrantzitsuen bihurtu da Polonia. Izan ere, mendebaldera ateak zabaldu baditu ere, ekialdeko herrialdeekiko mugak sendotu ditu. Gaur arte Errusia eta Asiatik zetozen etorkinak Poloniatik igarotzen ziren EBra iristeko . Eremuaren parte ez diren estatuetako herritarren joan etorria oztopatzeko, baina, 10.000 funtzionario inguru jarriko ditu Poloniak ekialdeko mugan.
Muga berdeak kezkatzen du batez ere. 2.000 euro ingururengatik, tokiko mafiek nola edo hala muga pasa nahi dutenak basoan barna gidatzen dituzte, Ukrainatik Poloniara iristea ahalbidetuz. Pasabide hori, ordea , arriskutsua da. Iragan urrian Txetxeniako hiru haur eta haien ama hil ziren hotzez, Poloniara iristeko muga berdea igarotzen saiatu zirenean.
Etorkinen etorrera murriztea lortzea dute asmo Poloniak ekialdeko mugan jarri nahi dituen kontrol neurri zorrotzek. Hala ere, askok Bielorrusia, Errusia eta Ukraina bezalakoekin gertatu ahal denaz beldur, erabaki hori kritikatu dute. «Poloniako merkatuan beharrezkoak diren langileak beste estatuetara joatea ekarriko du horrek», salatu du, besteak beste, Lena Kolarska Varsoviako Gai Politikoetarako Institutuko irakasleak.
EB eta Latinoamerika arteko mugikortasun askea proposatu dute
EB Europako Batasuneko eta Latinoamerikako Asanblea Parlamentarioak 2008ko maiatzean Liman (Peru) egingo duten goi bileran eztabaidagai izango diren proposamenen zerrenda onartu zuten atzo. Proposamenen artean dago pertsonen, ondasunen eta kapitalen zirkulazio librea ekarriko duen legea onartzea.2012. urterako«elkartze global baterako akordioa» indarrean jartzea eskatu dute diputatuek. Legezko eta erakundezko egitura bat sortuz, EBko eta Latinoamerikako herritarren, nahiz ondasun eta kapitalen zirkulazio askea lortu nahi dutela adierazi dute proposamenarekin.
Eurolat asanblean, Bruselan, Europako Parlamentuko 60 diputatuk parte hartu dute. Baita Latinoamerikako beste hainbatek ere, Mercosurren salbu.