Mundua

Europa eta Turkia hurbiltzearen alde agertu da Vatikanoa

2006ko azaroaren 28a
19:15
Entzun
Eguerdian iritsi da Benedicto XVI.a aita santua Turkiara. Ankaran lur hartu duenean, Turkiako lehen ministro Recep Tayyip Erdoganek egin dio ongietorria. Aita santuaren bisitaldiak polemika sortu du, eta segurtasun neurri handiak hartu dituzte atentatu edo eraso saioak ekiditeko asmoz.

Benedicto XVI.ak eta Erdoganek 20 minutuko bilera laburra egin dute Ankarako aireportuan bertan. Turkiako lehen ministroak ezin zela aita santuarekin bildu esan zuen hasieran, NATOren bilera zuelako Letonian. Baina, azkenean, Letoniara joan aurretik aireportuan bilera labur hori egiteko beta hartu du.

Gainera, batzarraren ostean prentsaurrekoa eman du Erdoganek, eta jakinarazi du Turkia Europako Batasunean sartzearen alde egin dezala eskatu diola Eliza Katolikoaren buruzagiari. Erdoganen arabera, Benedikto XVI.a, aukera horren alde agertu da. Gero, Federico Lombardi Vatikanoaren bozeramaileak hitz horiek zehaztu ditu: Europa eta Turkia hurbiltzearen alde daudela agertu du, baina Vatikanoak ez duela Europako Batasunaern erabakian eragiteko botere politikorik.

Nolanahi ere, polemika handia sortu du Benedicto XVI.a Turkiara egiten ari den lau eguneko bisitak. Izan ere, islamaren kontrako deklarazioak egin zituen aita santuak irailean, eta horrek, musulmanen erreakzioa ekarri zuen. Orain, segurtasun neurri handiak hartu dituzte, atentatu edo eraso saiakerak saihesteko. Zentzu horretan, bidaia "musulmanen eta katolikoen arteko harremanak hobetzeko" izatea espero duela azaldu du Benedicto XVI.ak. Gaineratu duenez, bere bidaiaren helburua "ez da politikoa, pastorala da".

Erdoganek ere egin ditu adierazpenak, eta hark esan du, bisitak "zibilizazioen aliantzan eta mundu mailako bakean aurrera egiteko" balioko duen esperantza duela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.