Europako Konstituzioaren testua ontzeko prozesua blokeatuta dagoenez -agintarien buruhausteetako bat-, Berlingo ekitaldian EB biziberritzeko testua defendatu du Merkelek. Galdutako ilusioa berriz piztea da beste helburuetako bat. Baina pizgarriak baino gehiago behar dituzte herritarrek.
Aste honetan Financial Times egunkariak zabaldu duen inkesta batek argitara atera du EBren egoeraren eta herritarren iritzi eta sentipenen kolore goibela. EBren itzaletan argia jarri du, herritarrek erakundeari nota eskasa jartzen diotela erakutsita.
EUROPAKO BATASUNAZ IRITZI EZKORRAK. Jasotako erantzunen arabera, EBko herritarren %44k uste dute beren herrialdeetako bizimodua okertu egin dela erakundean sartu zirenetik. Soilik %25ek diote EBn sartu ondotik hobeto bizi direla. Bizimoduak okerrera egin duela uste dutenak nagusi izan arren, Alemanian, Erresuma Batuan, Espainian, Frantzian eta Italian galdetutakoen %22k soilik uste dute beren herrialderako hobe dela orain EBtik ateratzea; %40, aldiz, ateratzea kaltegarria delakoan daude.
Estatuka, Madrilen administraziopean bizi diren herritarrak dira EBn sartu izanaz iritzi positiboena dutenak (%53), eta okerrena Londresen administraziopean bizi direnek dute, %52k. Gainerako estatuetan, alemaniarren %20 pasatxok diote EBn hobeki bizi direla, Erromako gobernuaren pekoen %25 inguruk ere bai, eta Parisen administraziopekoetatik %20k baino gutxiagok uste dute beren egoera hobetu dela EBn sartu zirenetik.
Europako Konstituzioari dagokionez, iritzia eman duten herritarren %35ek uste dute lege nagusiak eragin positiboa izango lukeela beren herrialdean; %27k kontrako aburua dute. Errefusarik handiena Londresko gobernuaren administraziopeko herritarrengan eragin du: %48rena.
Alor militarrean, gehiengoak (%39) Europako armada eratzeko ideia errefusatzen du, eta aldekoak %38 dira.
Ekonomiaren arloan, galdetutako europarren %50ek eta estatubatuarren %53k ondo ikusten dute EBren eta AEBen arteko finantza eta ekonomia arauak bateratzea.
EBri eginahal gehiago eskatzen dionik ere bada; asko, gainera. Hala gertatzen da ingurumenean. EBko herritarren %72k diote Bruselak gehiago saiatu beharko lukeela ingurumena babesteko tenorean; %69k, energia alorrean; %67k, «krimenen kontrako borrokan»; eta %64k, segurtasunean. Halaber, gizarte politikan (%58), ekonomia arloan (%54) eta atzerri politikan (%49) ekimen eta saio gehiago egin behar dutela diote askok.
EBren irudia eta honekiko loturak izan dira inkestaren beste ataletako bat. Hain zuzen ere, galdekatuen %31ri merkatu bakarraren irudia etorri zaie burura, %20ri burokrazia, eta %9ri demokrazia. %7k bakearekin lotzen dute EB, eta beste hainbestek parekotasunik ezarekin. Agintariek saltzen duten iruditik herritarrek antzematen duten errealitatera tarte handia dagoen adierazgarri esanguratsua.
HISTORIA GORABEHERATSUA. Herritarrak izan ziren, hain justu, demokrazia zuzenaren tresnetako bat den erreferenduma baliatuta, EBko agintariei, Europa arrakastatsuaren ametsean, zaplazteko ederra eman ziotenak, 2005ean. Frantziaren menpeko herritarrek eta Herbehereetakoek ezetza eman zioten Konstituzioari, erreferendumetan. Ezezko horrek krisia piztu, eta itun nagusia ontzeko eta bozkatzeko prozesua eten egin zuen. Halaber, 2004an 10 estatuk EBrekin bat egiteak Bruselan eta estatu kideetan sortutako halako baikortasuna zapuztu egin zuen.
Iragan urtarrilean Bulgaria eta Errumania sartzearekin 27 dira dagoeneko EBko estatu kideak, baina Bruselak ez du asmatu denen interesak uztartzen eta integrazio abiadura ezberdinak modu orekatuan bateragarri bihurtzen.
1957an Erromako Itunarekin Europako Ekonomia Erkidegoa (EB haren ondorengoa da) sortu zutenetik zama astuna izan dira estatu kideen arteko tirabirak-esaterako, 1965ean,nekazaritza funtsen inguruko ezadostasunengatik Frantziak EBko ministroen bileretara ordezkaria ez bidaltzea erabaki zuenekoa- eta herritarren ilusioa pizteko ezintasuna.
Herrien Europan sinesten eta eredu neoliberala gaitzesten duten mugimendu, alderdi eta herritarrek hotzago eta kritikoago hartu dituzte urteotan EBren izaera, norabide eta legeak, tartean konstituzio proiektu bera ere. Agintari eta alderdi nagusien ikuspuntu gehienak ez dituzte partekatzen.
Lege, proiektu eta helburuetan hitz eta terminoak ez ezik, funtsa edo mamia ere aldatzea izan daiteke herritarren ilusioa -eta babesa- lortzeko alternatiba.
IBILBIDe PaTarTsua
Agintarien pozerako urratsak
1957. Erromako Ituna sinatu, eta Europako Ekonomia Erkidegoa eta Euratom energia erakundea sortu zituzten.
1972. Erresuma Batua, Irlanda eta Danimarkak EBrekin bat egin zuten.
1985-1986. Agiri Bakarra sinatu zuten. Espainia eta Portugal EBri lotu zitzaizkion.
1989. Berlingo harresia eraitsi zuten. Alemania berriz batzeko bidean jarri zen.
1992. Maastrichteko Ituna, sinatua.
1995. Austria, Finlandia eta Suedia EBn sartu ziren.
2002. Euroa indarrean sartu zen.
2004. Europako ekialdeko zortzi estatu eta Mediterraneoko bi, Zipre eta Malta, EBn sartu ziren.
2007. Bulgaria eta Errumania EBri lotu zitzaizkion. EBren 50. urtemuga.
Agintarientzako buruhausteak
1965.Aulki hutsaren krisia: Ezadostasunak zirela-eta, Frantziak erabaki zuen ez zela EBko ministroen bileretara agertuko.
1973. Israelen eta hainbat estatu arabiarren arteko gerrak petrolioaren krisia eragin zuen. EBri ere kalte egin zion.
1999. Europako Batzordeak blokean eman zuen dimisioa.
2005. Frantziako estatuko eta Herbehereetako herritarrek ezetz esan zioten Europako Itunari, erreferendumean.