Europa osorako balioko duen segurtasun itun baten alde egin du Frantziak

Nicolas Sarkozyrekin bat egin du Errusiak, eta AEBek Europako ekialdean izandako jokabidea kritikatu du

Erredakzioa
2008ko urriaren 9a
00:00
Entzun
Mendebaldetik ekialderaino, Europa osorako balioko duen beste segurtasun itun batean adostu behar dutela eman zuen aditzera atzo Nicolas Sarkozy Frantziako presidenteak, Evian hirian egin zen WPC World Policy Conference edo Munduko Segurtasun Konferentzian. Hala, ESLA Europako Segurtasun Lankidetzako Antolakundearen baitan beste segurtasun hitzarmen bat onartzea proposatu zuen Sarkozyk.

«Zergatik ez dugu guztiok, gure kontinentearen segurtasunaz ardura duten herrialde eta erakundeak barne, gai honi lotutako guztia berrikusten eta berrantolatzen ?», galdetu zuen Frantziako presidenteak, WPC konferentzian bildutakoen aurrean. «Hori egin ahalko genuke ESLAren baitan, hau baita, berdintasunean Europaren segurtasunean lanean ari garenok,batzen gaituen egitura bakarra», gainera zuen.«Hortaz, gai hau aztertzeko asmoz goi bilera bat antolatzea proposatzen dut 2009. urtearen amaieran».

Medvedev, AEBen aurka gogor

IFRI Nazioarteko Harremanetarako Institutu Frantziarrak antolatutako konferentzia horretan Sarkozyrekin batera izan zen Errusiako presidente Dmitri Medvedev. Azken hori, gainera bat etorri zen Frantziak egindako proposamenarekin. Medvedevek, baina, gogor salatu zuen AEB Ameriketako Estatu Batuek, Europako ekialdean bereziki, izandako jokabidea.

Medvedevek bipil gaitzetsi zuen Washingtonek bideratutako «alde bakarreko nazioarte segurtasun eredua». «Errusiako mugetan, AEBen base militarrak ugaltzen ikusten ditugu; NATOren zabaltzea lehia handiz gauzatzen ari da, eta Georgia eta Ukrainia erakunde horren partaide bilakatzea aipatu dute. Horiek guztiek zatiketa areagotzen dute Europan».

Moskuk begi txarrez ikusten du EBek misilen aurkako ezkutuak jarri izana Polonian eta Txekiar Errepublikan. Bi herrialde horiek NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko kide dira egun.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.