Segurtasun neurri eskasak direla eta, atzerriko zerbitzu sekretuak Europako herrialdeetan lasai ibil daitezkeela salatu zuen atzo Estrasburgok. «Europako zati handi bat primerako ehiza eremua bilakatu da atzerriko zerbitzu sekretuentzat», nabarmendu zuen Europako Giza Eskubideen Kontseiluko idazkari nagusi Terry Davisek. AEB Ameriketako Estatu Batuetako zerbitzu sekretuen hegaldiez eta ustezko ezkutuko kartzelez ari zen Davis. Horiei buruzko informazioa eskatu zien Estrasburgok 46 herrialderi, eta gutxi batzuek soilik erantzun zituzten egindako galdera guztiak. Tartean, Erresuma Batuak, Errumaniak, Irlandak eta Esloveniak.Hegaldiei eta haietan eramaten zituzten presoei buruzko informaziorik ote zuten galdetu zien Kontseiluak estatu kideei. Kontseiluaren hasierako txostenaren arabera, hegaldietan kartzela sekretuetara eramaten zituzten presoak, eta haietan torturatu egiten zituzten, informazioa lortu ahal izateko. AEBetako Estatu idazkari Condoleezza Ricek, baina, ukatu egin zuen presoak torturatzen zituztela. Haren esanetan, Washingtonek ez zuen nazioarteko legedia urratu.
«Zeru irekiegia»
«Europako zerua irekiegia da, eta gutxi dira handik nor igarotzen den zehatz dakiten herrialdeak», azaldu zuen Davisek. Haren esanetan, Hungaria da atzerriko zerbitzu sekretuen joan-etorriak zaintzeko neurri bereziak dituen bakarra. Era berean, immunitatearen inguruko legediak atzerriko zerbitzu sekretuen lana ikertzeko oztopo zirela ere salatu zuen Europako Kontseiluko idazkari nagusiak. «Terrorismoaren kontrako borrokari dagokionez, AEBak eta Europa maila bereko kideak dira. Europa ez da hiru tximu ezagun horiek bezalakoa, mutua, gorra eta itsua».
Davisen arabera, indarkeriaren kontrako borroka Europaren helburu nagusietako bat izan arren, ezerk ez du justifikatzen Europako Giza Eskubideen Ituna urratzea. «Immunitate legearen salbuespena dira torturak. Baina salbuespen hori zabaldu egin beharko litzateke, desagertzeak eta gisako lege urraketak kontuan hartzeko».Bestalde, Bosnia-Herzegovinaren, Italiaren, Mazedoniaren eta Albaniaren erantzunak etsigarritzat jo zituen Davisek. Haren esanetan, herrialde horiek zalantzak argitu eta erantzun zehatzak emateko aukera galdu zuten. Horietaz gain, baina, beste zenbait herrialdek ez zituztela galdera guztiak erantzun azaldu zuen. Espainia, Frantzia, Azerbaijan eta Kroazia dira horietako batzuk. Kontseiluko idazkari nagusiaren ustez, izan liteke herrialde horietako arduradunek galderak edo ikerketaren oinarriak ulertu ez izana. Aldiz, CIAren kartzela sekretuen inguruko informaziorik ez zutela aurkitu nabarmendu zuen Davisek. Auzia ikertzen ari den Suitzako senatari Dick Martyk urtarrilean azaldu zuenez, Europako agintariek bazuten AEBetako zerbitzu sekretuen hegaldien berri, eta bazekiten hegazkin horietan zeramatzaten presoak kartzela sekretuetara eramaten zituztela. Orotara 100 preso inguru eraman zituztela uste dute.
«Europa primerako ehiza eremua da atzerriko zerbitzu sekretuentzat»
Europako Kontseiluko buru Terry Davisek salatu du estatu kideek ez dutela CIAko hegaldiak kontrolatzeko neurri nahikorik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu