Europako Parlamentuak ezetz esan dio batzuek esklabutza modernoa deitu dutena ahalbidetu dezakeen arauari: Europako Batasunetik kanpoko etorkinei beren jatorrizko herrialdeetako lan baldintzak aplikatzea Europan bertan.
Ezustean bota dute atzera, berez nahikoa zelako gehiengo sinplea, eta ekimenaren bultzatzaileak, Europako Alderdi Popularrak, ustez gehiengoa lortua zuelako, liberalei esker. Baina liberaletako batzuek proposamenaren kontra bozkatu zuten atzo, eta proposamena bertan behera geratu da, oraingoz. 350 parlamentarik bozkatu zuten arauaren kontra, 306k alde eta 25 abstenitu egin ziren. Atzo bozkatutakoari baimen bakarraren araudia deitzen diote, urrats bakarrean bateratu nahi baititu lan egiteko eta bizitzeko baimenen prozedurak.
Legediaren bultzatzaileen arabera, helburua EB Europako Batasunetik kanpoko langileei bertakoen eskubideak onartzea zen. Testuak dio EBtik kanpoko langileek EBkoen pareko tratua jaso behar dutela gizarte onurei dagokienez. Baina praktikan EBko eta EBtik kanpoko langileen eskubideen arteko aldea handitzea ahalbidetzen zuen. Izan ere, arauak babestutako langile etorkinen zerrendatik kanpo geratzen ziren sasoiko langileak —sei hilabete baino gutxiagoz lanean aritu behar dutenak—, EBtik kanpoko enpresek berekin EBra lanera eramandakoak, ikastunak, kontratu bidez zerbitzuak eskaintzen dituzten enpresetakoak...
Salbuespen gehiegi, proposamenaren kontrakoen esanetan. Bultzatzaileek, berriz, esan dute salbuespen horiek guztiak aurrerago lantzeko asmoa dutela, arau propioen bidez. Atzo bozkatutakoa esparru orokorra dela, gero gehiago zehazteko.
Baina atzoko araua bere horretan onartuz gero, posible litzateke EBtik kanpoko enpresa bat kontratatu eta haren langileei jatorrizko herrialdeko lan baldintzak aplikatzea. Alejandro Cercas parlamentari sozialistak «esklabutza modernoa» eta «low cost langileak» deitu dituena. Esaterako, EBko enpresek Pakistanen eta Marokon enpresak sortu, EBn kontratuak lortu eta Pakistango eta Marokoko langileak EBra lanera ekartzea. Pakistango eta Marokoko lan baldintzekin, jakina.
Egungo arazoak
Gaur egun Euskal Herriko sindikatuak kexu dira, eraikuntzan batez ere, enpresek EBko beste herrialde batzuetako langileak kontratatzen dituztela eta langile horien jatorrizko lan baldintzak aplikatzen dizkietela, dagokien probintziako lan hitzarmenaren ordez. Atzo lege proposamena onartuz gero, egoera are gehiago okertuko litzateke.
Gainera, Europako Batasunean lan egindako etorkinei ukatu egiten zien pentsioa jatorrizko herrialdean jasotzea; etxebizitza, prestakuntza eta beka eskubideak izatea; eta langile etorkinen oinordekoei berez dagozkien eskubideak izatea.
«Hausten ari da Europako Batasunaren oinarrian dagoen kontratu soziala», esan zuen Alejandro Cercasek, proiektuaren kontrario nagusienetakoak. «Europa soziala erortzen bada, Europa ere eroriko da».
Adierazgarria da gaia Justizia eta Barne Ministroen Batzordeak jorratu duela, ez Lan eta Gizarte Gaienak, etorkinen lanari buruzkoa izan arren. Cecilia Malmstrom Barne komisarioak herenegun eta atzo nabarmendu zuen proposamenaren helburua etorkinek estatuei egindako ekarpenari «balioa eta onespena» ematea zela.
Proposamenaren txostengileak, Veronique Mathieu UMPko diputatuak, porrotaren ostean ekimena babesten jarraitu zuen: «Legez kanpoko immigrazioaren kontra borroka egiteko modu onenetako bat da legezko immigrazio kanalak garatzea, Europako Batasuneko lan merkatuak asetzeko».
«Lan merkatuaren premiak»
Dena den, proposamenaren tramitazioan Veronique Mathieuk onartu du ekimenaren bidez «lan merkatuaren premiei» erantzun nahi dietela eta «EBko langileen kontrako lehia desleialari» aurre egin nahi diotela. Baina lege proposamenak zabaltzen dituen aukerak ikusita, lehia desleiala handitu egingo litzateke. Aipagarria da prozeduran ez dietela iritzirik eskatu sindikatuei eta gobernuz kanpoko erakundeei.
Proposamena EBri bueltatu diote. Hasierako proposamenari eusten dion edo ez erabaki beharko du.
Legedia onartuz gero, herrialde batzuetan besteetan baino eragin gutxiago izango luke, indarrean dituzten araudiek etorkinei eskubide horietako batzuk onartzen dizkietelako.
Europako Batasuna. Immigrazioa
Europak atzera bota du etorkinen bazterketa baimentzen duen araua
Proposamenak Europako Batasunetik kanpoko etorkinei jatorrizko herrialdeetako lan baldintzak aplikatzea ahalbidetzen duParlamentuak Europako Batzordeari itzuli dio testua, eta zer egin erabaki behar du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu