EB Europa Batasuneko 27 herrialdeetako Atzerri ministroek Siriako erregimenaren aurkako isunak onartu dituzte gaur, Bruselan, baina baztertu egin dute han militarki parte hartzea.
Siriako erregimeneko hainbat militarrek ezingo dute, kasu, Europan sartu, eta haiei isun ekonomikoak jartzen saiatuko da EB. Halaber, Bashar el Assad Siriako presidenteari dimisioa emateko eskatu diote.
Nazio Batuen Erakundek lehengo astean esan zuen Siriak martxotik 3.500 zibil hil dituela —gaur beste hamalau—, baina Europak dio Libiaren aldean desberdina da hango kasua eta, ondorioz, ez da militarki ariko.
Arabiar Ligatik kanpo
Arabiar Ligak larunbatean jakinarazi zuen bere erakundetik kanpo utzi duela Siria, Bashar el Assadek ez dituelako Arabiar Ligaren neurriak bete —indarkeriaren etena, nagusiki—. Isun politiko eta ekonomikoak jarriko dizkiote Siriari. Handik enbaxadoreak erretiratzea hitzartu dute, halaber, baina herrialde bakoitzak erabakiko du hori. Ligako 22 kideetatik 19k egin dute neurriaren alde. Libano eta Yemen aurka azaldu dira, eta Irak abstenitu egin da.
Yusef Ahmed Siriak Arabiar Ligan duen ordezkariak salatu du kanporatzea ez dela legezkoa, "Ligako estatutuak eta araudiak urratzen direlako".