Mendebaldeko Saharari eragiten diola-eta, Europako Batasuneko Justizia Auzitegiak bertan behera utzi du 2012. urtean Europako Batasunak eta Marokok merkataritza alorrean sinatu zuten akordioa. Bi aldeek hitzartu zuten akordioak hainbat arrantzu eta laborantza gairen liberalizazioa ahalbidetzen zuen. Eta Fronte Polisarioak salatu zuenez, zuzenean eragiten zion Mendebaldeko Sahararen nekazaritza zein arrantzuari.
Gauzak horrela, Fronte Polisarioak berak jarri zuen salaketa Luxenburgo auzitegian. Eta honek, arrazoi eman dio. Izan ere, ebazpenean jaso dutenez, Marokok ez du Mendebaldeo Sahararen gaineko eskumenik, eta beraz, ezin du akordiorik egin hango ekoizpenari buruz eta ezin ditu ustiatu hango baliabide naturalak. Auzitegiak nabarmendu du akordioan ez zutela zehazten gaiak nongoak diren. Akordioa sinatu aurretik, EBk produktuen jatorria zein zen aztertu behar zuela dio auzitegiak.