Tuskek adostasuna lortu nahi du Europako Batasuneko kideek otsailaren 18an eta 19an egingo duten goi bileran. Gutun bat bidali die estatuburu eta gobernuburuei, eta azaldu Europako Batzordeak zein neurri proposatuko dituen Erresuma Batua Europako Batasunetik joatea saihesteko.
Besteak beste, Tuskek proposatu du estatu kideetako langileek Erresuma Batuan dituzten onura sozialak murriztea. Beste neurri batzuen artean daude "terrorismo susmagarriak" herrialdearen sarreran atzematea erraztea, eta konpromiso legalak ematea ziurtatzeko Erresuma Batuak ez duela aurrera egingo Europako Batasuneko integrazio politikoaren prozesuan.
Hala ere, Tuskek ohartarazi du Europako Batasunaren itunak errespetatu egin behar direla; bereziki, mugimendu askerako eta diskriminaziorik ez jasateko askatasunak babesten dituztenak. 28 estatu kideetako ordezkariak ostiralean bilduko dira proposamenaz hitz egiteko.
Cameron, pozik
David Cameron Erresuma Batuko lehen ministroak "benetako aurrerapen" gisa jo du proposamena, nahiz eta gaineratu duen "lana egiteke" dagoela oraindik erreferendumera deitu aurretik. Cameronek erreferenduma egiteko asmoa du, Erresuma Batuak Europako Batasuneko kide izaten jarraitu behar duen edo ez erabakitzeko .
Haren esanetan, Europaren proposamenak Erresuma Batuak azaldutako lau kezkei erantzuten die: immigrazioa, lehiakortasuna, Europako integrazioa eta eurotik kanpo dauden herrialdeek merkatu bakarrerako sarbidea izatea.