«CIAren mugimenduen ikerketak mundu osoan armiarma sare baten antzeko egitura erakutsi du», dio atzo argitaraturiko txostenak. Sare horren bidez, mundu osoan «terrorista» izatearen susmopean jarritako dozenaka pertsona hartu dituzte preso Ameriketako Estatu Batuetako zerbitzu sekretuek (CIA). Aireportu sare baten bidez, atxilotutako pertsonak hirugarren herrialde batera eraman dituzte torturatu eta defentsa eskubiderik gabe preso eduki ahal izateko.
Europako Batasuneko aire trafikoa kontrolatzen duen agentziak (Eurocontrol) emaniko datuak, satelite bidezko irudiak eta CIAren espetxe sekretuetan preso egondako hainbat pertsonen lekukotasunak erabili ditu Martyk salaketa egiteko. Akusazio larriena Poloniari eta Errumaniari eginikoa da. Ezkutuko presondegi bana izatea leporatu die ikertzaileak bi herrialdeoi. Erantzukizun nagusia AEBena dela dio Martyk, baina beste herrialdeok laguntza eman edo ezikusiarena egin dutela gaineratu du.
ERREAKZIOAK.«Salaketak kalumnia dira», esan zuen atzo Poloniako lehen ministroak, Kazimierz Marcinkiewicz, eta esateko besterik ez zuela gaineratu zuen. Errumaniako Legebiltzarrak ukatu zuen herrialdean ezkutuko espetxeak daudela. Europako Kontseiluaren txostena «usteetan, baieztapenetan eta espekulazioetan oinarritzen da, ez egiazko frogetan», esan zuen atzo Norica Nicolai senatariak.
«Argudio zaharrak berri», esan zuen Ameriketako Estatu Batuetako Estatu Departamenduko eledun Sean McCormackek. Txostenak ezer berririk ez dakarrela adierazi zuen Tony Blair Erresuma Batuko lehen ministroak. Alderdi liberaleko buruzagi Menzies Campbellek eskatu zion berma dezala Londresek CIAren hegaldiei laguntza logistikoa eman ez diotela.
Espainiako Gobernuak ikerketaren ondorioak arbuiatu zituen atzo. «Gobernuak ez du, ez aktiboki ezta pasiboki ere, presoak garraiatzeko ustezko operazioan», esan zuen Atzerri Ministerioko iturriek.
Irlandako Gobernuak ere CIAren hegaldiei laguntza eman izana ukatu zuen atzo. Irlandak halakorik egon dela esateko «frogarik ez» dagoela esan zuen Atzerri Ministerioko eledun batek.
Alemaniako Gobernuak zuhurrago erreakzionatu zuen. Txostena aztertu beharra duela eta jarrera bat hartu baino lehen, afera ikertzen ari den Legebiltzarreko batzordeari informazioa emango diola esan zuen Thomas Steg eledunak.
«ISILTASUNEZKO HORMA HAUTSI».Txostenaren ondorioak «ustekabe» ez direla eta CIAk Europan aritu dela «frogatutzat» eman zuen atzo Europako Legebiltzarreko behin-behineko batzordeko presidenteak, Carlos Coelhok. Europako herrialdeen «konplizitatea hasieran uste baino askoz handiagoa» dela uste zuela gaineratu zuen. «Ezin dugu onartu kide diren estatuen aldetik egia mozorrotzeko estrategiarik».
Portugalgo oposizioak azalpenak eskatu zizkion atzo Atzerri ministro Diogo Freitas do Amarali, Azoreetako aireportuen erabilerari buruz. Europako Batasuneko liberalek ontzat eman zuten txostena. «Europako gobernuek isiltasunezko horma hautsi beharko dute, giza eskubideen defendatzaile gisa sinesgarritasuna izaten jarraitu nahi badute», esan zuen Sarak Ludford eurodiputatuak. «Terrorismoaren aurkako borrokan giza eskubideak bortxatu dituztela azaldu beharko diete herritarrei oraingobernuek», esan zuen Suediako ordezkari Cecilia Malmstromek.
Txostenak «mezu argia» bidali die AEBetako eta Europako gobernuei, Amnesty International (AI) giza eskubideen aldeko taldeak atzo adierazi zuenez. Europako Kontseiluaren ondorioak AIk berak lehen ere eginiko salaketak baieztatzen dituela adierazi zuen erakundeak. Errumania eta Poloniako agintariei «ikerketa zorrotza eta independentea» abiatzeko eskatu zien erakundeak.
Akusazioak
Erantzukizuna duten estatuak
Polonia. Herrialdean CIAren ezkutuko espetxe bat dagoela susmatzen dute txostengileek. Szymanyko aireportuan bukatu zen CIAk 2003ko urrian Kabuldik (Afganistan) abiaturiko hegaldi bat. Ondorioz, aireportuan bertan edo inguruan atxiloketa gune bat dagoela uste dute ikertzaileek. Hegaldien fitxategirik ez duela argudiatu du Poloniako Gobernuak.Errumania. 2004ko urtarrilaren 25ean CIAren hegazkin bat lurreratu zen Timisoarako aireportuan eta berriz abiatu zen 72 minutu geroago. Txostengileen arabera, legez kanpo atxiloturiko pertsonak zeramatzan hegazkinak, eta presook Errumanian utzi zituzten. Errumanian ezkutuko espetxe bat dagoela ondorioztatu dute.
Alemania, Turkia, Espainia eta Zipre. Herrialdeok atxilotuak legez kanpo garraiatzeko operazioak antolatzeko erabili ditu CIAk. Ekintzak bertako gobernuen laguntza zuzenarekin edo ezikusiaren bidez gauzatu dituztela dio txostenak.
Irlanda, Erresuma Batua, Portugal, Grezia eta Italia. Herrialde hauetako hainbat aireportutan geldialdiak egin zituzten atxilotuak legez kanpo garraiatzeko hegazkinek.
Suedia. Asiloa eskatzaile egiptoar bi, Ahmed Agiza eta Mohamed Alzeri, CIAren esku utzi zituen Stockholmeko gobernuak. Atxilotuak Egiptora eraman zituzten estatubatuarrek eta han torturatu egin zituzten. Suediako Gobernua gertaera Nazio Batuen Erakundeari ezkutatzen saiatu da.
Bosnia-Herzegovina. Aljeriako jatorria duten sei herritar atxilotu zituen Poliziak 2001eko urrian. AEBetan interesei erasotzeko konplot bat eratu izana leporatu zieten. Fiskalek ez zuten, ordea, frogarik aurkitu gizonon aurka, eta auzitegiek askatzeko agindu zuten. Gobernuak, ordea, CIAko kideen esku utzi zituen 2002an. Geroztik Guantanamon daude preso.
Mazedonia. Khaled Al Masri alemaniarra atxilotu zuen Mazedoniako Poliziak mugan, gizonezkoa Albaniara bidaiatzen ari zela. Ustez CIAko agenteen esku utzi zuten, Al Kaedako kide batekin nahastuta. Mallorcatik (Espainia) abiaturiko hegazkin batek Al Masri jaso zuen Skopjen eta Kabulera eraman zuen. Hainbat hilabetez preso egon zen han. Mazedoniako Gobernuak ukatzen du Al Masri atxilotu izana eta Albaniara igaro zela dio.
Txetxenia. Errusiak Kaukasoko errepublikan atxiloketa gune sekretuak dituela dio txostenak. Moskuren «terrorismoaren aurkako borrokaren» diskurtsoak eta AEBetakoak elkar justifikatzeko mekanismoa ezarri dutela dio txostenak. Beste estatuentzat «adibide penagarria» ezartzen dutela gaineratzen du.