EUROPAKO BATASUNA . Beste proposamen bat egingo du Londresek gaur 2007-2013 aurrekontuez

Nekazaritza Politika Bateratuaren finantzaketa berraztertzeari eutsi gogo dio Erresuma Batuak, baina Frantziak ez du horrelakorik entzun nahi ere

ERREDAKZIOA
2005eko abenduaren 14a
00:00
Entzun
Europako Batasuneko 2007-2013 urteen bitarteko aurrekontuentzat beste proposamen bat egingo die gaur Erresuma Batuak EBko beste 24 estatuei. Haiek arbuio biribila egin zieten Londresek abenduaren 5ean egindako lehen proposamenei. Proposamen berrian, baina, Tony Blair lehen ministroak eutsi nahi dio NPB Nekazaritza Politika Bateratuaren finantzaketa arauak aldatzeari. Frantziak, aldiz, ez du horrelakorik entzun nahi ere. Parisek eta EBko beste estatuek, berriz, Erresuma Batuak duen deskontua gutxienez murriztu dadin nahi dute.

Tony Blair lehen ministro britainiarraren eledun batek zehaztu du Londresek gaur aurkeztuko duen proposamenean Nekazaritza Politika Bateratuaren finantzaketa arauak berraztertzeko eskariari eutsiko diola. 2007-2013 urteen bitarteko aurrekontuen garapena bide erdian egongo delarik NPB berraztertzea ezinbestekotzat jotzen du Tony Blairren gobernuak, Bruselan bihar eta etzi egingo den EBko goi bileran akordio bat iristeko. «Aurrekontuen garapenaren bide erditsuan NPBren arauak berraztertzeko konpromiso irmo bat ez badugu lortzen, akordiorik ez da izango», ohartarazi zuen.

EBn sartu berriak, petzero

EBko inbertsioen %40 inguru bereganatzen dituen NPBren hartzedun handiena Frantzia da eta, horiek horrela, Parisek ez du entzun nahi ere politika ardatz horretan aldaketarik gerta dadin, 2013. urtera arte behintzat. Jacques Chirac presidenteak eta Dominique de Villepin lehen ministroak jarrera tinko horri eutsi zioten atzo. Nekazaritza Politika Bateratuaren arauetan aldaketak egoteari arbuio osoa egiteaz gain, Frantziak «ezin onartuzkotzat» jo ditu Londresek abenduaren 5ean egindako proposamenaren ardatz nagusiak.

Egun hartan aurkeztu zuen 2007-2013 urteen bitarteko aurrekontu proiektuan, EBko gastuak Batasuneko Barne Produktu Gordinaren %1,03ra mugatzea proposatu zuen Londresek,heldu baita 846.754 milioi euroko kopuru orokor batera. Iragan uztailean Luxenburgok utzi zuelarik EBko txandakako presidentetza, gastu hauek BPGren %1,05era mugatzea proposatu zuen, eta planteamendu horrekin ez zen akordiorik lortu. Londresek proposatzen duen gastu murrizketa honetan petzero handienak EBn 2004ko maiatzean sartu ziren hamar herrialdeak dira, partaide berri horien onurarako diru laguntzak %10 inguruan murriztuko bailirateke, heldu baita 13.000 milioi euroko kopuruan. Gastuen murrizketa proposamen honekin, Erresuma Batuaren helburuetatik bat zen 1984az geroztik eskuratzen duen deskontuaren zati handiena kobratzen jarraitzea. Urtean 5.000 milioi euro ematen dion deskontu hori lortu zuen Londresek, Nekazaritza Politikatik diru gutxi lortzearen ordainez. Alabaina, EB zabaldu egin da 1984az geroztik eta herrialde berrien integrazioak gero eta gastu gehiago deragitza. Horiek horrela, Batasuneko beste partaideek gero eta begi txarragoz ikusten dute deskontuak irautea. Bere lehen proposamenean, Londres prest agertu zen deskontu hori urtean 1.200 milioi euro inguru murrizteko, baina Nekazaritza Politika Bateratuaren finantzaketa berraztertuta eta EBn azkenik sartu diren estatuen aldeko laguntzak murriztuta. Gaur aurkeztuko duen proposamenean aldaketa sakonik ez da espero.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.