EUROPAKO BATASUNA . CIAren mila bat isilpeko hegaldi egon direla dio ikerketa taldeak

EBko gobernuek ezer ez jakitea sinesgaitza dela diote txostenean

Erredakzioa
2006ko apirilaren 27a
00:00
Entzun
Europako Legebiltzarrak iragan urtarrilean eratutako ikerketa batzordeak atzo zabaldutako behin-behineko txosten batean ziurtatzen du Ameriketako Estatu Batuetako CIA Inteligentzia Agentzia Zentralaren mila bat isilpeko hegaldi igaro direla Europako Batasuneko kide diren herrialdeetatik. Horiek hala, Europako Legebiltzarreko ikerketa taldearen arabera, «guztiz sinesgaitza» da nazioarteko arauez kanpoko jokaera horren berri ezizatea EBko herrialdeetako agintariek.

«CIAk, behin eta berriro, ustezko terrorista andanaren bahiketak eta legez kanpoko atxiloketak egin ditu EBko hainbat estaturen esparruetan», azaldu du ikerketa taldearen txosten egile nagusiak, Claudio Faviak. AEBetako informazio agentziak «ohiz kanpoko garraioak» egin dituela zehaztu du, halaber, Italiako hautetsi sozialistak sinatutako txostenak. Esamolde horrekin, ikerketa taldeko eurodiputatuek azaldu nahi dute CIAko agenteek hainbat bahitu Ekialde Hurbileko, Asiako edo Afrikako herrialde batzuetara eramana, han itauntzeko xedez, kasu askotan tortura erabilita horretarako.

Estatuen esku-hartzea

«Horiek guztiak ez dira kasu osobakan batzuetan soilik gertatu diren jokabideak; bahitze eta atzerrira eramate hauek talde ongi antolatuek burutu dituzte, hainbat aldiz, Europako Batasunaren esparruan», berretsi zuen atzo Claudio Faviak.

Hori dela eta, Europako Legebiltzarreko ikerketa taldeko arduradun nagusiak hauxe ondorioztatu zuen: «Guztiz sinesgaitza da Europako Batasuneko zenbait herrialdetako gobernuek ez dezaten inoiz ezer jakin gertaera hauez». Hain zuzen, ikerketa txostenak Alemania, Erresuma Batua, Errumania, Espainia, Irlanda, Italia, Polonia, Suedia, Txekiar Errepublikako gobernu ohiak edo jarduneko agintariak auzitan jartzen ditu. Bere lana amaitu ondoren, ikerketa taldeak bere ohar eta gomendioak eginen dizkio Europako Legebiltzarrari.

Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.