1996an erabaki zuen Europako Batasunak Kubarekiko harremanak kudeatzeko Jarrera Bateratua baliatuko zuela. Akordio horren ondorioz, ia hogei urtean blokeatuta egon dira Brusela eta Habanaren arteko harremanak. Giza eskubideen eta askatasunen alorrean Kubak "aurrerapenik" egin ezean, bi aldeen arteko harremanei atea itxi egin zien Europako Batasunak.
Salbuespenezko erabaki bat izan da Kubarekikoa Europako Batasunean, beste inongo erakunderekin ez baitute halako jarrera mugatzaile bateraturik. AEBek Habanari ezarritako blokeoari men egiteko modu bat ere ikusi dute politika horren aurkakoek. 2015. urterako, baina, Bruselak harreman esparru berri bat ireki nahi du Kubarekin. Eta lehen urratsa egin dute: elkartze akordio bat negoziatuko dute Habanarekin, 28 estatu kideetako Atzerri ministroek bi aste barru oniritzia eman ondoren.