Azaroan Iranek eta 5+1 taldeak adostu zuten akordioa hasi da gauzatzen, eta orain hilabete pare bat arte pentsaezinak ziren pausoak ari dira ematen. Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziak (IAEA) baieztatu du uranio aberastuaren produkzioa %20ra murriztu duela Iranek, eta Europako Batasuneko 28 Atzerri ministroek erabaki dute Iranen kontra hartuak zituzten zigor neurriak kentzea.
Iranek, batetik, eta Txinak, AEBek, Frantziak, Erresuma Batuak, Errusiak eta Alemaniak, bestetik, sei puntu adostu zituzten azaroan akordio baten baita, eta horietako bat bete du Iranek. IAEAren arabera Natanz eta Fordowko zentraletan eten du uranioa aberasteko prozesua. Ondoriz EBk bere zigorrak altxatu ditu: Iranen petroliorako garraio eta aseguru zerbitzua ematea, urrearekin eta beste harribitxi batzuekin Iranekin negoziatzea eta Irango gai petrokimikoak erostea.
Iran eta 5+1 taldeak adostutako akordioaren arabera, sei hilabeteren buruan bete behar zituen Iranek hitzartutako baldintzak eta horren truke indarrean dauden zigor neurrietako batzuk kenduko zizkioten. Itun horrek Ekialde Hurbileko botere harremanak eta aliantzak iraul ditzakeela nabarmendu zuten adituek azaroan onartu zutenean, eta historikotzat jo zuten.