Mundua

Europako Batasunak Irlandak Lisboako Ituna berresteko plana onartu du

2009ko azaroa aurretik Irlandak bigarren erreferendum bat egiteko konpromisoa hartu du eta, trukean, Irlandak eskatu bezala, EBko estatu kide bakoitzak bere ordezkaria izango du Europako Batzordean. Akordio horri esker, EBk Lisboako Ituna indarrean sartzeko zuen oztopo nagusia gaindituko du.

2008ko abenduaren 12a
13:33
Entzun
Datorren urteko azaroa baino lehen Irlandak Lisboako Ituna berresteko bigarren erreferendum bat egin dezan plana onartu dute EBko buruzagiek formalki. Testuan zuzenketa batzuk egin ostean, atzo adosturiko akordioari babesa eman diote horrela.

Europako Batasuneko estatu kideen arteko akordioaren arabera, "Irlandako Gobernuak Lisboako Ituna onartzeko konpromisoa hartu du 2009ko azaroa baino lehen". Iragan ekainetik zegoen Lisboako Itunaren gainean blokeo egoera, orduan itunari ezezkoa eman baitzion Irlandak erreferendum bidez. Orain, baina, Irlandako eskariei men eginez gainditu nahi dute egoera hori EBko estatu kideek. Izan ere, Irlandak eskatu moduan, Europako Batasuneko estatu kide bakoitzak bere ordezkaria izango du Europako Batzordean. Gainera, EBk Irlandaren neutraltasun politikarekin jarraitzea bermatu egingo du. Era berean, Lisboako Itunak ez du Irlandak indarrean dituen familiaren eta bizitzaren eskubidearen gaineko legeetan eragingo, ezta zerga eskumenetan ere.

Akordio horren bidez, Europako Batasunak Lisboako Ituna indarrean sartzeko zuen oztopo nagusia gaindituko du. Txekiar Errepublika orain arte oztopo izan bada ere, datorren urteko otsailean gai honen inguruan parlamentuan eztabaida egitekoa da. Gainera, Vaclav Klaus presidente txekiarrak iragarri du bere herrialdeak ez duela Lisboako Ituna berretsiko aurretik Irlandak egiten ez badu. Lisboako Ituna azkenik indarrean sartuz gero, EBren barne garrantzia handiko erreforma instituzional bat eragingo luke; besteak beste, bi urterako lehendakari iraunkorra izango luke Europako Batzordeak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.