Mundua

Europako Batasunak Tibeteko "indarkeria" bukatzeko eta elkarrizketa hasteko eskatu du

EBk baztertu egin du Txina presionatzeko Pekingo Olinpiar Jokoak boikotatzea. Kanpo Harremanetarako ministroak "oso kezkatuta" daude Tibeten gertatzen ari denarekin. Aho batez onartu dute adierazpena gaur, Eslovenian egindako bileran.

2008ko martxoaren 29a
17:41
Entzun
Europa Batasuneko (EB) Kanpo Harremanetarako ministroek Tibeteko "indarkeria" bukatzeko eskatu dute gaur, adierazpen baten bidez, baina baztertu egin dute Txina horretarako presionatu ahal izateko Pekingo Olinpiar Jokoak boikotatzea -abuztuan izango dira Jokoak-. Brdon (Eslovenia) egin dute bilera gaur EBko Kanpo Harremanetarako 26 ministroak, eta aho batez onartu dute adierazpena.

EB "oso kezkatuta" dago Tibeten gertatzen ari denarekin, "gatazka gainditzeko elkarrizketa" behar dela iritzi dio, eta "era guztietako indarkeria salatu" du. Tibeten (Txinak bere egin zuen 1951ean) martxoaren 10ean hasi ziren protestak, eta Txinako Poliziak esan du liskarretan orain arte hemeretzi pertsona hil direla. Tibeteko erbesteko Gobernuak, aldiz, 140ra igo du kopurua.

"Biktima denekiko errespetua" adierazi du EBk, eta atxilotu denak nazioarteko legeak jarraituta tratatzeko eskatu du, baita gatazkari buruzko informazio askatasuna bermatzeko ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.