Europako Batasuneko Atzerri ministroek Siriari zigor ekonomiko gogorragoak ezartzeko erabakia hartu dute, eta Bashar al Assad presidentearen erregimeneko 12 pertsona eta 11 entitate gehiagori — orain arte 74 lagun eta hemeretzi entitate ziren — ondasunak izoztu eta Europako Batasunera bidaiatzeko debekua ezarri diete. Halaber, energia, finantza, banku eta merkataritza sektoreak mugatzeko neurriak hartuko dituzte. Al Assaden erregimena estutzeko helburuarekin, gainera, petrolio ekoizpenarekin lotutako produktuen salmentaeta erregaiaren ekoizpen planta berrietako inbertsioak debekatuko dizkiote Siriari.
Herrialdea ekonomikoki bakartu nahi dutela adierazi dute ministroek, Al Assaden erregimenak indarkeria bertan behera utzi eta nazioarteko begiraleak herrialdean sartzeko baimena ematen duen arte. Gainera, herritarren «adorea» goraipatu dute ministroek, bakea eta askatasuna bilatzeko egiten duten esfortzuagatik. «Al Assadek boterea berehala utzi beharko luke trantsizio demokratiko eta baketsuari hasiera emateko», adierazi dute, eta Arabiar Ligak egindako lana babestu dute.
Etengabeko erasoak
Ekintzaileen eta erregimenaren arteko borrokek aurrera jarraitzen dute Sirian, bereziki Hims eta Hama hirietan. Atzo, gutxienez 24 lagun hil zituztela aditzera eman dute oposizioko iturriek. Siriako Armada Libreak — Al Asaden armadatik alde egindako gerrillarien taldeak —, bere aldetik, erregimenarekin lotutakoen aurkako erasoak bertan behera utziko dituela iragarri du, haien helburua «herritarrak babestea» delako, eta ez indarkeria areagotzea. Horregatik, armak soilik defendatzeko erabiliko dituztela adierazi dute.
NBE Nazio Batuen Erakundeak, gainera, gogor salatu du Siriako indarkeria egoera, eta «gerra zibilarekin» alderatu du. Iragan martxoan protestak hasi zirenetik, gutxienez, 4.000 lagun hil dituztela ohartarazi du, nahiz eta askoz gehiago izan daitezkeen.
Europako Batasunak zigor ekonomikoak gogortu dizkio Siriari
Herrialdeko etengabeko indarkeria egoera «gerra zibilarekin» parekatu du Nazio Batuen Erakundeak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu