«Europako Batasunaren geroa aldatuko dugu elkarrekin»

Sarkozyk eta Brownek finantza merkatuan lankidetza eta gardentasun handiagoa eskatu dute

2008ko martxoaren 28a
00:00
Entzun
Frantziak eta Erresuma Batuak elkarren arteko lotura areagotu dute bi herrialdeotako agintariek Londresen egin duten bileraren bigarren egunean. «Europako Batasunaren geroa aldatuko dugu elkarrekin», adierazi zuen atzo Nicolas Sarkozy Frantziako presidenteak. Arsenal futbol taldearen Emirates Stadium zelai jaioberrian bildu ziren, entrenatzaile eta jokalari frantziarrak dituen talde ingelesaren estadioan. Nazioarteko auzien inguruan ahalik eta bateraen aritzea hitzartu zuten. Hasteko, finantza krisiari aurre egiteko, bankuei gardentasuna galdegin zieten, eta finantza erakundeen arteko elkarlan handiagoa eskatu zuten. Merkatu global gorabeheratsuagoan bolada ona ziurtatzeko, Nazioarteko Diru Funtsa erreformatzea proposatu zuten «larrialdi sistema sinesgarria» bidera dezan.

Erresuma Batuko zentral nuklearren sarea eraberritzeko akordioa hitzartu du Gordon Brown lehen ministroak Frantziako estatuburuarekin. Zahartzen ari diren lurraldeko indarretxeak epe ertainera itxi, eta Frantziaren eskarmentuarekin belaunaldi berriko zentral nuklearrak eraikiko dituzte. Halaber,teknologia berria bideratu nahi dute bi estatuek elkarlanean, munduan energia iturri horren alde egiten duten estatuei saltzeko. Izan ere, petrolioaren prezioaren etengabeko gorakadak, energia fosilak ahitzeak eta CO2 isurketak murrizteko Europako Batasunaren nahiak, iturri nuklearraren bigarren loraldia eragin dute. Lau erreaktore nuklear berri egiteko lanak esleitu ditu Londresek, eta ekimen pribatuaren buru EDF Frantziako energia enpresa dago.

Frantziak 1970eko krisiaz geroztik energia nuklearraren aldeko apustu eskerga egin du, eta herrialdeko energia beharrizanen %78,1 ia garapen handiko indarretxe nuklearren bidez ase da. Munduko elektrizitate esportatzaile handiena da. Mantxako itsasarteko bi aldeetako enpresa zein adituek elkarrekin lan egingo dute; segurtasun neurriak lantzen, esaterako. EBko beste herrialdeei ere zabal dakieke elkarlana, esan dutenez.



EKIMEN NUKLEARRA ERRESUMA BATUAN . EBko 27 herrialdeek berotegi efektua sortzen duten gasak 2020rako %20 gutxitzea hitzartu zuten. Hori aintzat hartzeaz gain, energia fosilen menpekotasunetik atera, eta energia nuklearrean jarri nahi du gaitz guztien irtenbidea Brownek, Gobernu laboristaren ohiko jarrera aldatuta. Energia beharrizanen %18,4 betetzen duen iturri zaharkitua berritu, eta CO2 isurketa %20 gutxitzea du helburu. Liberal-demokratak, Parlamentuko hirugarren indarra, kontra daude, iturri nuklearra arriskutsua, garestia eta zikina dela uste dutelako.

Sarkozyk Erresuma Batuaren eta Frantziaren arteko senidetasun berriaren hasiera aditzera eman du. «Erresuma Batuak eta Frantziak elkarrekin justizia handiagoa nahi badute, mundua zuzenagoa eta baketsuagoa izango da». Bi agintariek uste dute «herrialdeen arteko ententearen hasiera» dela. Brownek atzean utzi ditu Irakeko gerrak bien artean sortutako ezadostasunak. «Biok bat gatoz Frantzia eta Erresuma Batua beharrezko direla Europaren bihotzean, eraberritzen ari den Europa globalean, irekian, malguan, kanpora begira jarrita gizarte dimentsio indartsua mantenduko duenean». Hilero elkartzea erabaki dute bi herrialdeetako agintariek.



«Biok bat gatoz Frantzia eta Erresuma Batua beharrezko direla Europaren bihotzean, Europa irekian»

Gordon brown
Erresuma Batuko lehen ministroa
«Erresuma Batua eta Frantzia elkarrekin saiatzen bagara, mundua zuzenagoa izango da etabaketsuagoa»

nicolas sarkozy
Frantziako presidentea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.