David Cameron Erresuma Batuko lehen ministroak gaur iragarri du 2015aren ondoren erreferenduma antolatuko duela bere herrialdeak Europako Batasunean segitu edo ez erabakitzeko.
2015ean Erresuma Batuko hauteskundeak egingo dituzte, eta berriro lehen ministro balitz antolatuko luke Cameronek galdeketa, hark goizean esan duenez.
Herrialdea 1973an sartu zen Europako Komunitate Ekonomikoan, lehen ministro Edward Heath kontserbadorea zela. 1963an eta 1967an ere saiatu zen, baina Frantziak betoa ezarri zuen. 1975ean erreferenduma egin zuten Erresuma Batuan, eta parte hartzaileen %67k Europako Komunitate Ekonomikoan segitzeko hautua egin zuten. Margaret Thatcher lehen ministroaren garaian herrialdeak jarrera ezkorragoa hartu zuen. 1997an Tony Blair laborista heldu zenean kargura, jarrera irekiagoa izan zuten, baina euroan ez sartzea erabaki zuen gobernuak.
Europako Batasuna 27 herrialdek osatzen dute, eta Erresuma Batua da euroa ez duten hamar herrialdeetako bat.