Europako Batasuneko (EB) estatu kide izateko hautagai da gaurtik aurrera Serbia, EBko Atzerri ministroek gaur Bruselako bileran erabaki dutenez, Errumaniak azkenean baiezkoa eman ondoren —Serbiak errumaniar jatorrikoei babes handiagoa emateko eskatzen zuen—. Serbiak 2009an egin zuen EBn sartzeko eskaera.
Gaurko erabakia EBko gobernuburuek berretsi beharko dute, Bruselan ostegunean eta ostiralean egingo duten batzarrean. Gaur egun, 27 herrialdek osatzen dute Europako Batasuna.
Serbiak azken hilabeteetan Jugoslaviako gerran krimenak eragindako lagunak nazioarteko epaitegien esku utzi izanak zerikusia izan du Atzerri ministroen erabakian.
Halaber, Serbiak lehengo astean onartu zuen Kosovok nazioarteko foroetan ahots propioa izatea, eta hori garrantzitsua izan da Atzerri ministroek hura EBn sartzeko hautagai gisa onartzeko.
Espainiako Gobernua, ordea, beldur da Europa eta Kosovoren arteko balizko lankidetzaz, eta trabak jartzeko prest da. "Beste herrialde batzuekin jarri dugun baldintza da Europak Kosovorekin han zer egin dezakeen aztertzeak ezin duela ekarri haren independentziaren aitortza", adierazi zuen atzo Jose Manuel Garcia-Margallo Espainiako Atzerri ministroak.
Kosovok 2008an Serbiarekiko independentzia aldarrikatu zuen, honek aitortu ez arren.