Europako Batzordeak 899 milioi euroko isuna jarri dio Microsofti aginduak ez betetzeagatik

2004an, konpainia lehiakideekiko erakusten zuen "nagusikeria" zuzentzeko asmoz, betebehar batzuk jarri zizkion informatika enpresari. Microsoft harrituta geratu da erabakiarekin, aginduak betetzen dituela dioelako.

2008ko otsailaren 27a
16:01
Entzun
Konpainia lehiakideekiko erakutsitako "nagusikeria" zuzentzeko asmoz, Europako Batzordeak Microsoft informatika enpresari 2004an betebehar batzuk jarri zizkion, eta horiek ez betetzeagatik orain 899 milioi euroko isuna ipini dio, gaur jakinarazi duenez.

Joan den irailean Europako Batasuneko Justiziak berretsi egin zuen Europako Batzordeak 2004an hartutako neurria. Bertan epaileek ontzat jo zuten Bruselak Microsofti jarritako isuna -497,2 milioi eurokoa, inoiz Europako Batzordeak jarritako handiena- eta ontzat jo zuten 2006an Bruselak Microsofti, honek jarreraz aldatzen ez zuela-eta, ezarritako isun gehigarria ere -280,5 milioi eurokoa-. Halaber, informatika enpresari agindu zioten auzibideak sortutako gastuen %80 ordaintzeko -gainerakoa Europako Batzordeak jarri beharko du-.

Ebazpenean irmo bota zituzten atzera enpresako abokatuek zigorraren kontra plazaratutako argudioak. 2004an Europako Batzordeak egin bezala, epaileek ondorioztatu zuten Microsoften monopoliorako joerak lehia egin gura lioketen hainbat enpresa merkatutik at utzi dituela. Gaur egun sistema eragileen %95 Microsoftek egiten ditu, eta ez du ia lehiakiderik hori "gehiegizkoa" da Bruselako ordezkarien aburuz.

EBko epaileen ebazpenaren aburuz, onartu ezin diren estrategiak jarraitu ditu Microsoftek horretara heltzeko, merkatuko lege oinarrizkoenak apurtu ditu. Windows sistema eragilearekin bateragarriak diren produktuak sortzeko informazioa ukatu die lehiakideei, eta ate oro itxi die. Halaber, sistema eragilean Media Player erreproduzitzailea ezarrita, konpetentziako enpresak nahi eta ezinean laga ditu. Jarrera horiek, ordea, onartezinak direla ondorioztatu zuten epaian.

"Gure betebeharrak behar bezala konplitzeko aldaketaren bat egin behar badugu, egiteko prest gaude", esan zuen orduan Microsoftek, eta gaur harrituta azaldu da, agindu denak beteta dituztela dioelako. Europako Batzordeak akatsen bat egin duelakoan dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.