Europako Batzordeak (EB) jakinarazi du bihar hasiko direla gas hornikuntzarekin, goizean goiz hasi ere. Akordioa lortu dute Errusiarekin eta Ukrainarekin, Europako Batasunean gasa sartzen jarraitzeko.
Jose Manuel Durao Barroso EBko presidenteak eman du albistea, Traian Basescu Errumaniako presidentearekin batera. "Zailtasun ugari" egon direla dio, baina azkenean lortu dutela ukrainarrak eta errusiarrak ados jartzea. Gazprom Errusiako enpresako presidenteordeak ere hitz egin du; bihar gas hornikuntza 07:00etan hasiko da, haren arabera.
Gaur hain justu ezohiko bilera egin dute Europako Batasuneko 27 Energia ministroek, krisia aztertzeko eta neurriak hartzeko, halakorik errepika ez dadin. Errusiari eta Ukrainari akordioa bete dezatela eskatzea erabaki dute, aho batez. Zuhurtasuna ere eskatu dute, aurreko egunetan behin baino gehiagotan hitz egin delako konponbideez eta ez direlako aurrera irten. "Hori bai, gas hornikuntza ez badute abian jartzen, orain erantzulea zein den esan dezakegu", nabarmendu du Andris Piebalgs Energia komisarioak.
Batzordeak 22 begirale bidali ditu Ukrainara eta Errusiara, gas hornikuntzari berriro ekingo diotela ziurtatzeko.
Milaka lagun berogailu gabe daude lehengo astelehenaz geroztik. Europako Ekialdeko herrialdeek pairatu dute bereziki gasaren gabezia. Errusiak Europara igortzen duen gas hornikuntza murriztea erabaki zuen, eta egoera ondoren gogortu egin zen gainera, Errusiak guztiz eten baitzuen. Vladimir Putin lehen ministroaren arabera, “Ukrainak Errusiako gasa lapurtu” egin zuelako hartu zuen erabaki hori. Errusiak Europara igortzen duen gasaren %80 Ukrainatik igortzen du.
Moskuk Ukrainari exijitzen dio inportatzen duen Errusiako gasarengatik merkatu prezioak ordaintzeko (450 dolar mila metro kubikoengatik). Ukrainak, ordea, ez zuen 235 dolar baino gehiago ordaindu nahi.
Mundua
Europako Batzordeak esan du bihar goizean hasiko direla gas hornikuntzarekin
Milaka lagun berogailu gabe daude aurreko astelehenaz geroztik, Europako Ekialdean batez ere, Errusiak gas hornikuntza moztea erabaki zuelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu