Europako Batzordeak ez du Frantzia zigortuko ijitoak kanporatzeagatik

Parisek zirkulazio askea ahalbidetzeko emandako bermeak «nahikoak» direla uste du Justizia komisarioak

arantxa elizegi egilegor
2010eko urriaren 20a
00:00
Entzun
Nahi zuena lortu du Nicolas Sarkozy Frantziako presidenteak. Azkenean, Europako Batzordeak atzera egin behar izan du ijitoen kanporatzeen auzian, eta iragarri du ez duela Paris zigortuko, nahiz eta hark nazioarteko legedia urratu zuela uste izan. Duela aste batzuk Sarkozyren gobernuaren aurkako kritika gogorrenak egin zituenari egokitu zitzaion atzo azalpenak ematea, Viviane Reding Justizia komisarioari. Haren esanetan, «nahikoa» da Frantziak europarren mugitzeko askatasuna bermatzeko emandako hitza. «Batzordeak eskatutakoa egin du Frantziak».

Bruselak ohartarazi zion Parisi hilaren 15a baino lehen legedia 2004ko araudira egokitzen ez bazuen edo horretara konprometitzen ez bazen, espedientea zabalduko ziola. Horiek hala, ostiralean iragarri zuen hark legedia moldatzeko erabakia. «Ikerketa bertan behera uztea erabaki dute komisarioek Frantziaren erantzun baikorra jaso ostean. Europako Batzordea pozik dagoarriskutsua ez den inor ez kanporatzeko Frantziak emandako bermeekin», adierazi du Mathew Newman Justizia komisarioaren bozeramaileak.

Datorren astean Bruselan egitekoa duten goi bilera hasi aurretik argitu nahi zuen kanporatzeen auzia Jose Manuel Durao Barroso Europako Kontseiluko presidenteak, eztabaidak biltzarra «kutsa» ez zezan. Sarkozy bera ere gustura agertu da Redingen erabakiarekin.

Oso bestelako iritzia agertu du, ordea, ijitoak ordezkatzen dituen Union Romani erakundeak. Hark iragarri du Europako Batasuneko Justizia Auzitegira eramango duela Sarkozyren gobernua, ijitoen aurkako jazarpena bultzatzeagatik. «Viviane Redingek ezin du, nahita ere, Sarkozy auzitegietara eraman. Erabaki hori Komisarioen Elkargoak hartu behar du; eta Bruselako goi bileran Sarkozyk zuzenean mehatxatu zuen Elkargoa, ohartaraziz bazterketagatik espedientea zabaltzen bazioten gerra deklarazio gisa hartuko zuela», salatu du erakundeak prentsa ohar bidez.

Kanporatzeak hasi zirenean, Reding bera izan zen horien aurka gogorren egin zuena. Justizia komisarioak nazien deportazioekin alderatu zituen kanporatzeak. Europako Batasuneko ordezkariek, ordea, «lekuz kanpokotzat» jo zituzten Redingek esandakoak, Sarkozyri arrazoia emanez. «Frantziako ijitoen egoerak kezka handiak eragin ditu. Horregatik, Europako Batzordeak eta nik neuk oso gertutik jarraitu ditugu azken hilabeteotako gertaerak; eta aurrerantzean ere erne jarraituko dugu, Parisek emandako hitza bete dezan», iragarri du Redingek.

Polarizazioa

EBko hainbat herrialderen ijito eta etorkinekiko jarrerak Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusi Ban Ki-moonen kritikak eragin ditu. Hark ohartarazi du etorkinei Europako balioak urratzea egozten dieten talde horiek berak direla hori egiten dutenak. «Joera arriskutsu bat ari da jaiotzen; polarizazio politika berri bat. Jendearen beldurrekin jokatzen dute, eta balio liberalak erabiltzen dituzte liberalismoaren aurka doazen kausak bultzatzeko».

Banen esanetan, Europak tolerantzia bultzatu beharko luke gizarte plurala eraiki ahal izateko. «Europan ezin dira onartu gogoak ixten dituzten eta gorrotoa elikatzen duten estereotipoak. Urteotan Europako egoerak hobera egin duela esatea gustatuko litzaidake, baina benetan kezkatuta nago». Bide horretan, etorkinen, eta batez ere musulmanen aurkako estereotipoen kontra egiteko eskatu dio Europako Batasunari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.