Ez da uholderik espero, eta are gutxiago bozkalekuetan. Hala iragartzen dute inkesta guztiek gaurko. Horien arabera, inoizko abstentzio mailarik handiena espero da Europako Parlamenturako bozetan, kontinente osoan eta baita Euskal Herrian ere. Iragarrita dago ia %60koa izango dela, eta alderdi txikien —ezkerreko zein eskuinekoen— gorakada, gobernu alderdien kaltean. Bi elementu horiek izango dira gaurko hauteskundeetako gakoak.
Euskal Herrian, berriz, oso modu ezberdinean eragingo dute emaitzek, eta bereziki Hegoaldean izango dute garrantzia, 2009, 2011 eta 2012ko bozekin abiatutako aldaketa eta datorren urtekoekin hasiko den hauteskunde ziklo berriaren arteko zubia izango baitira bozak. Ezker abertzalea legeztatzearekin batera, gehiengo abertzalea sendotu egin zen, eta sektore horretako bi korronte nagusiek gora egin zuten Hego Euskal Herri osoan 2009tik 2012rako epean; orain ikusteko dago horrek zer norabide hartuko duen, bereziki datorren urtean egingo diren udal eta foru hauteskundeei begira. Nolanahi ere, ez da aldaketa esanguratsurik espero gaurko bozetan.
Iparraldean ere ia oharkabean pasatuko da eguna. Udal hauteskundeak egin berri dituzte martxoan; eta orduan izandako lehia hertsia ez da espero. Hegoaldean bezala, barruti sistemak asko baldintzatzen du bertako alderdien parte hartzea, eta bereziki abertzaleei egiten die kalte, eserlekua lortzeko lehiatik kanpo uzten baititu horrek —gutxienez, botoen %5 lortu behar dute Frantziako Estatuaren hego mendebaldeko barruti osoan—. Martxoan, berriz, ezkerreko abertzaleek inoizko emaitzarik onenak lortu zituzten Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoan, baina Europako hauteskundeetan ez parte hartzea erabaki dute, udaletako lanak hobeto kudeatzeko.
1. Sendotze bidean
Hego Euskal Herrira itzuliz, bi izango dira gakoak. Batetik Espainiako alderdi nagusien (PP eta PSOEren) kasuan iragarrita dagoen beherakada handia konfirmatzen den edo ez ikustea, eta, bestetik, ea alderdi abertzaleek eusten dioten azken hauteskundeetan erakutsitako indarrari. Bi faktore horiek berresten badira, 2009an hasitako zikloa sendotuko litzateke, eta horrek jarraipena emango lioke orduan zabaldutako abertzaleen arteko borrokari, Gipuzkoan bereziki. Horrez gain, Nafarroan, datorren urteko bozei begira, UPNren gobernua ordezkatzeko alternatiba bat osatzeko aukerak zein forma har dezakeen ikusteko balio dezakete gaurko emaitzek: alternatiba derrigor PSNrekin akordioa egitetik pasatzen den edo PSNrik gabe nahiko indar badagoen hori osatzeko.
Baina gaurko bozei begira, Europan diputatu bana lortzea dute xede EAJk eta EH Bilduk. Abstentzioaren zifrak gorabehera, 250.000 boto baino gehiago beharko dituzte eserlekua eskuratzeko. CIUrekin eta Galiziako Compromisorekin batera aurkeztu da EAJ; CEUren zerrendan bigarrena da Izaskun Bilbao. Hortaz, 500.000 boto inguru beharko ditu koalizioak bigarren eserlekua ziurtatzeko. Dena den, CIUk Katalunian eskuratzen dituen botoek lasai egoteko tartea ematen diete jeltzaleei; gainera, 2009ko bozetan Hego Euskal Herrian 212.000 boto lortu zituzten, eta 2005ean, 253.000. Eta bi kasuetan, abstentzioa %60 izan zen ia.
EH Bilduk, berriz, baliteke behar izatea beste herrialde batzuetako botoak. Herriek Erabaki koalizioko kide duen BNGk bil dezake boto gehien Euskal Herritik kanpo, baina Galiziako abertzaleen artean azken urteetan izan diren banaketek ez dute argi erakusten zein den alderdi horren benetako pisua. Hori hala, beste herrialde batzuetako babesa ere ondo etorriko zaio koalizioari: Katalunian bereziki —CUPen babesa jaso du kanpainan—. Oso kontuan hartzekoak dira, beraz, boto horiek, EH Bildu osatzen duten alderdiek Europako azken bi hauteskundeetan ez baitute 200.000 botoen langa gainditu. 2011ko foru hauteskundeetan Bilduk eta Aralarrek Hego Euskal Herri osoan lortu zituzten 350.000 botoetatik oso urrun. Abertzaleen artean, beraz, koalizio subiranistari egin diezaioke kalterik handiena parte hartze baxuak.
Gorabehera horiek eragina izango dute abertzaleen arteko lehian, berdinduta helduko baitira gaurko lehiara. Eusko Legebiltzarrerako 2012ko hauteskundeetan EAJk erakutsi zuen lidergo argia duela EAEn. Eta 2011ko udal eta foru hauteskundeetan Bilduk erakutsitako indarrari indar berarekin erantzun zioten jeltzaleek urtebetean—Aralarren botoak gehituta, 20.000 botoren aldea atera zion EAJri—. 2012an, gora egiten jarraitu zuten ezkerreko subiranistek ere, baina aurreko bi hauteskundeetan baino motelago, eta zenbait lekutan —Gipuzkoan bereziki— ezin izan zioten eutsi bi urte lehenago ateratako aldeari: 30.000 boto inguru. Orain, ikusgai dago 2012an herrialde horretan izan zen berdinketa teknikoa zein aldetara makurtuko den.
2. Barcina, desagertuta
Nafarroan, abertzaleek ez dituzte nolanahi egokitu euren kanpainako lelo eta mezuak herrialde horretako egoerara. Eta haiek ez ezik Espainiako alderdiek ere asko dute jokoan datozen hilabeteetan. Datorren urteko foru hauteskundeak eta, bereziki, herritarren artean dagoen gobernu aldaketarako gogoak neurtzeko baliagarriak izan daitezke gaurko bozak. Hala ere, alternatiba izan nahi duten alderdiek zaila izango dute gaur heltzea aldaketa ahalbidetuko lukeen zifretara.
Eta hori inoizko krisirik sakonean harrapatu dituela hauteskundeak UPN. Ez parte hartzea erabaki du, besteak beste, gobernuaren egoerak alderdian eragindako zatiketa eta ahuldadea ezkutatzeko. Horretaz baliatuko da PP, UPNren botoen zati handi bat biltzeko. Dena den, duela bost urteko Europako bozetan PPk, UPNrekin, 76.629 boto jaso zituen, 2004an baino 15.000 gutxiago. Foru hauteskundeetan ere boto asko galdu zituen 2007tik 2011ra: 30.000 inguru. Beheranzko joera hori berretsi daiteke gaur.
PSN, berriz, irteerarik gabeko kale batean dago, martxoan bertan behera utzi ondoren UPNko Yolanda Barcinaren gobernua aldatzeko zentsura mozioa. Itxuraz, zigor handia jasan dezake orain. Dena den, PSOEren markarekin aurkezten denean, Nafarroan soilik aurkezten denean baino emaitza hobeak lortzen ditu. Baina beheranzko joera batean sartuta dago bete-betean. Duela bost urte, 63.848 boto lortu zituen, 2004n baino ia 6.000 gutxiago. Joera hori argiago ikusten da foru bozetan: 2011n, 51.000 lortu zituzten, 2007an baino 22.000 gutxiago. Bi alderdi horien gainbehera baliatzen saiatuko dira, beraz, abertzaleak, Ezkerrarekin batera.
Hor dago, Hego Euskal Herrira begira, gaurko emaitzetako gakoetako bat. Duela bost urte EH Bilduko indarrak bi plataformatan aurkeztu ziren Europara Nafarroan. Batetik, Iniziatiba Internazionalista (ezker abertzalea) eta, bestetik, Herrien Europa (Aralar eta EA). Bien artean, 37.241 boto bildu zituzten. 2011ko foru hauteskundeetan ere banatuta aurkeztu ziren; Bilduk (ezker abertzalea eta EA) 41.000 lortu zituen eta NaBaik (Aralarrekin) 48.000. Urtebete geroago, Espainiako Gorteetarako bozetan, eta jada EH Bilduko kide guztiak batuta —Amaiurren—, 49.000 boto eskuratu zituen. Gaurkoa EH Bildurekin aurkezten diren lehen hauteskundeak dira Nafarroan.
Horrekin batera, NaBai hautsi ondorengo lehen bozak izango dira. Aralar EH Bildura batu ondoren, EAJk erabaki du bakarrik aurkeztea; ez du Geroa Bairen marka CIUrekin eginiko koaliziora eraman. EAJk soilik 3.691 boto bildu zituen duela bost urte, Geroa Baik lortzen dituen balizko emaitzetatik oso urrun —42.000 boto 2012an—. Hala ere, Geroa Baiko kide ezagun batzuen babesa jaso du kanpaina honetan EAJren zerrendak.
3. Txikiak gosez
PP eta PSOEren kasuan, Espainian iragarritako gainbehera duela bost urte hasi zen Hego Euskal Herrian, tokiko faktoreak tarteko. Europako bozak, Espainiako Gorteetarakoak bezala, beti izan dituzte alde bi alderdi horiek hemen. Baina orain ez dirudi haizea alde dutenik. Biak ala biak krisialdi sakon batean daude. Eta oso zaila dirudi PSE-PSNk 2009an lortutako 265.000 botoak eta are gutxiago 2011n lortutako 333.000 botoak errepikatzea. PPk eta UPNk, berriz, 193.000 lortu zituzten 2009ko Europakoetan eta 335.000 Espainiakoetan.
Egoerak mesede egin diezaieke euren eskuinera eta ezkerrera dauden alderdi txikiei. Horien artean, Hego Euskal Herrian, Espainiako IUrekin koalizioan aurkezten diren Ezker Anitza, Iratzarri, EKI, Ezkerra eta Batzarreri. Eskuinetik, berriz, PP eta PSOEren mandioetan aleak biltzen saiatuko da UPD. Aurrenekoei emaitza onak iragartzen dizkiete. IUk emaitza kaskarrak lortu ditu azkeneko Europako hauteskundeetan Hego Euskal Herrian. Alderdi horren boto-emaile asko abstenitu egin dira, baina inkestek orain iragartzen dute ezkerreko alderdi txikiek gora egingo dutela. Ikusteko dago, haatik, Ezker Batua zenaren banaketak nola eragiten dien. Azken hauteskunde zikloan instituzioetatik kanpo geratu zen sektore hori.
4. Le Penen mamua
Azterketa guztiek diote eskuin muturrak gora egingo duela Europa osoan eta, bereziki, Frantzian. Marine Le Penen Fronte Nazionala lehen indarra izatera hel daiteke. 2009an, %5 gainditu zuen hego-mendebaldeko barrutian. Ipar Euskal Herrian, martxoko bozetan, Miarritzen aurkeztu zen. Orduan emaitza apala lortu bazuen ere, handiagoa lor dezake orain, Frantziako joerarekin bat eginez eta eskuineko bozak bilduz. Iparraldekoa da, hain zuen ere, Michele Alliot Marie UMPko zerrendaburua, eta zalantzarik ez da eserlekua lortuko duela.
Sozialistek, berriz, lanak izango dituzte 2004ko emaitzak errepikatzeko; lehenak izan ziren orduan, baina 2009an botoen erdiak galdu zituzten ia; Frantziako Gobernuak egun duen krisiak ez die asko lagunduko. Horien aurrean, alternatiba gisa aurkezten da Jose Boveren Europe Ecologie. Ezkerreko abertzaleen sostengurik ez du jaso oraingoan —2009an EAk eta ABk babestu zuten; hala ere, haren aldeko boza eskatu du Nafarroa Behereko abertzale talde batek—. Gora doan aukera da, gainera. 2004tik 2009ra botoak bikoiztu egin zituen Iparraldean, eta bigarren indarra izan zen duela bost urte, 14.000 botorekin.
EH Bai, aldiz, ez da aurkeztu, besteak beste, martxoko emaitzak kudeatzeko eta eserlekua lortzea ezinezkoa duelako. Hori hala izanik ere, EAJk zerrenda aurkeztu du. 3.100 boto lortu zituen 2009an, eta ezker abertzaleak, (EHA) 5.600.