NATO

Europako ekialdeko zazpi herrialde hartu ditu Aliantza Atlantikoak

«Segurtasuna eta elkartasuna» bermatzearren, «terrorismoaren aurkako neurriak» hitzartu dituzte

Erredakzioa
2004ko apirilaren 3a
00:00
Entzun
NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeak bere historiako zabalpenik handiena gauzatu zuen atzo, lehenago Varsoviako Blokeko kide ziren Europako ekialdeko zazpi herralderi harrera eginda. Bruselan, NATOren egoitza nagusian, egin ziren Bulgaria, Errumania, Eslovenia, Eslovakia, Estonia, Letonia eta Lituaniaren harrerarako ospakizunak, Aliantza Atlantikoko kide diren herrialdeen Atzerri ministroak eta Ameriketako Estatu Batuetako diplomaziaburu Colin Powell bertan zirela.

NATOko kide egin diren herrialde horien banderak mastan gora altxatu zituzten, ingelesez emandako ordena alfabetikoan, bakoitzaren ereserkiak emanak ziren une berean, agintarien eta erakundeko ehunka langileen begiradapean. Hori bukatu zelarik, NATOko idazkari nagusi Jaap de Hoop Schefferrek Aliantza Atlantikoaren zabalpen honen esanahia azpimarratu zuen hitzaldi batean.«Gure aliantzak aurre egitea baino gehiago lortu du, zabaldu eta hazi egin baita; gaurdanik 26 aliatu gaude, bata bestearen segurtasuna eta lurralde osotasuna zaintzeko konpromisoa hartua daukagu», esan zuen Jaap de Hoop Sheferrek, NATOko kide bilakatutako herrialde bakoitzeko ordezkariei hitza eman aurretik. «Segurtasun eta elkartasun eremu batean sartzea» goraipatu zuten guztiek, eta NATOren gaur egungo eginkizun berrien adibide modura Irak izan zuten aipagai. Herrialde horren segurtasuna eta egonkortasuna bermatzeko xedean, NATOk Iraken esku-sartze handiago bat hartzearren, Washingtonek egindako deiari oniritzia eman zioten hizlariek. «Diktadura komunistak pairatu ditugun herrialdeok, interes estrategiko batez gain, antzekoa edo txarragoa zen diktadura bat nozitu duen herrialde horri laguntzeko beharkizun morala daukagu», adierazi zuen Errumaniako Atzerri ministro Mircea Geoanak.Bruselan ospakizunak egiten ari ziren une berean, NATOko kide bilakatu diren herrialde bakoitzeko hiriburuetan ere ospatu zuten gertaera historiko hau. Hala, Bukaresten, NATOko bandera jaso zuten Errumaniako Parlamentuaren egoitzan, Ion Illiescu presidentea eta Adrian Nastase lehen ministroa bertan zirela. «Gertaera historiko bat bizitzen ari gara; NATOko kide oso bihurtuz, segurtasun berme bat jasotzen dugu alde batetik, baina, bestetik, gure aliatuekin bat egotera ere behartzen gaitu», esan zuen Illiescuk. Sofian ere antzeko ospakizunak egin zituzten; han, NATOko bandera Alderdi Komunista ohiaren egoitzako mastan gora altxatu zuten. Gaur egun Bulgariako Parlamentuko bulego batzuk aterpetzen dituen eraikin horren aurrean egindako hitzaldian, zera esana zuen Simeon de Saxe-Cobour-Gotha lehen ministroak: «NATOn sartzea ez da herrialde bakar baten aurka erebideratua, bai, ordea, guztiontzat arrisku diren mehatxuen kontra».

«Terrorismoaren aurka, bat»

Ildo horretan, ospakizunen ostean, NATOko kide diren herrialdeetako diplomaziaburuek egin zuten Ipar Atlantikoko Kontseiluaren bileran, «terrorismoari aurre egiteko» neurri mordoa hitzartu zuten. Neurri horien artean aipa daitezke informazioen trukatze eraginkorragoa indarrean jartzea «mehatxu terroristarentzako informazio egitura» bat eratuta. Aliatuek konpromisoa hartu dute, halaber, «mehatxu terroristei aurre egiteko gisan» NATOren laguntza eskatuko duten herrialdeei urgaizgo bat emateko baliabideak sendotzeko». Bileraren amaieran, onartu zen aldarrikapenean zehaztuta zegoen neurri horiek guztiak NATOko agintariekekainaren amaieran Istanbulen egingo duten bilera nagusirako indarrean jarriak izango direla.

NATOko Kontseiluaren bilera horretan parte hartu baldin bazuen ere Errusiako Atzerri ministro Sergei Lavrovek, Moskuk nahiko begi txarrez ikusten du lehenago bere eraginpean ziren herrialde batzuk Aliantza Atlantikoko kide izatea. Hori dela eta, ziur aski, Sobietar Batasunean sartuta zeuden Estonia, Letonia eta Lituania Baltikoko herrialdeen aire esparruan atzo egitekoak ziren hegaldiak bertan behera utzi zituen NATOk. Baltikoko herrialdeak NATOko kide bihurtzearen karietara antolatuta zeuden ospakizunen barne sartu behar ziren hegaldi horiek. Alabaina, Moskuk jakinarazi zuen oso gaizki hartuko zuela gertakizun hori.

Hala eta guztiz ere, Estoniak, Letoniak eta Lituaniak ospatu zuten NATOn sartzea. Hala, 1991n independentzia eskuratu zuenetik lehen aldikotz, Lituaniak 400 soldaduko desfile bat antolatu zuen. Letonian, Vaira Vike-Freiberga presidenteak esan zuen bere herrialdeak «mundu zabaleko segurtasuna eta egonkortasunaren alde lan egin gogo» duela NATOren barnean. Estonian, Armo Ruutel presidenteak hau esan zuen: «Iraganean bezala, geure burua defendatzeko nahikundea izango da gure indarra geroan ere».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.