Venezuela. Krisi politikoa

Europako hogei bat gobernuk aitortu dute Guaido presidente

EBk ez du lortu adierazpen komunik adostea, eta NBEk uko egin dio hizketetan parte hartzeari. Afrikako Batasunak Maduro babestu du

Herritar batzuk Italiaren Venezuelako enbaxadaren aurrean, atzo, Caracasen, Guaido aitor dezatela eskatzen. L. MUÑOZ/ EFE.
ander perez zala
2019ko otsailaren 5a
00:00
Entzun
Juan Guaido Venezuelako Asanblea Nazionaleko presidentearen nazioarteko aliatuak ugaritu egin ziren atzo, batez ere Europan. Alemaniak, Frantziak, Espainiak eta Erresuma Batuak zortzi eguneko epea eman zioten Nicolas Maduro Venezuelako presidenteari hauteskundeetarako deia egiteko, baina agintariak uko egin zion ultimatumari. Estatu horiek jarritako epea atzo amaitu zen, eta, horren ondorioz, Espainiako presidente Pedro Sanchezek goiz aldera eman zuen erabakiaren berri: haren gobernuarentzat, Juan Guaido da Venezuelako presidentea. Hori bai, aitorpenak baldintza bat du: Guaidok berehala egin dezala presidentetzarako hauteskundeetarako deia.

Sanchezen jakinarazpenaren ostean, Europako hainbat estatuk jarrera bera ezagutarazi zuten. Gaur-gaurkoz, Europako hogei bat gobernuk aitortu dute Guaido Venezuelako presidente: Alemaniak, Frantziak, Espainiak, Erresuma Batuak, Danimarkak, Albaniak, Kosovok, Suediak, Hungariak, Austriak, Poloniak, Georgiak, Txekiak, Estoniak, Letoniak, Lituaniak, Herbehereek, Ukrainak, Portugalek, Finlandiak, Mazedoniak eta Luxenburgok. Jarrera horien berri jakin ostean, Jorge Arreaza Venezuelako Atzerri ministroak adierazi zuen haren gobernuak «berrikusiko» dituela estatu horiekin dituen alde biko harremanak.

Guaidorentzat, Europako estatu horien aitorpen «bat egitea garrantzitsua eta indartsua» da. «Gure konstituzioak argi dio: ez badago presidente hautaturik, Asanblea Nazionaleko presidenteak bere gain hartu behar ditu herrialdea hauteskunde libreetara eramateko eskumenak. Presidente dei diezadakezue», adierazi zuen atzo.

Maduroren alde, berriz, Errusia eta Turkia agertu dira soilik; eta Guaido ez aitortu, eta arreta elkarrizketarako beharrean jarri dutenen artean daude Vatikanoa, Irlandako Errepublika, Grezia, Belgika, Italia eta Norvegia. Gainontzeko gobernuek ez dute ezer adierazi auziaz, oraingoz.

Europako Batasunari dagokionez (EB), zailtasunak izan ditu jarrera komun bat adosteko. Hori agerian geratu zen atzo ere, Italiako Gobernua, esaterako, Guaido aitortzearen kontra agertu zelako, eta horrek blokeatu egin zuen adierazpen komun bat aurkeztea; egoera hori ikusirik, hemeretzi estatu kidek testu batean berretsi zuten Guaidori egindako aitorpena. Oraingoz, EB «harremanetarako talde bat» sortzera mugatu da, hiru hilabeterako, elkarrizketa helburu; etzi batzartuko da lehenengoz, Montevideon.

Europan ez, Afrikan jaso zituen atzo Venezuelako presidenteak aitorpen mezuak. Atzerri Ministerioak Twitter bidez jakinarazi zuenez, Etiopiaren Venezuelarako enbaxadore Modesto Ruizek helarazi zien babes mezu hori: «Afrikako Batasuneko presidenteorde Thomas Kwesi Quarteyk elkartasun mezua bidali dio Venezuelako herriari, eta babes mezua Nicolas Maduro presidente konstituzionalari». Hau da, Afrikako 55 gobernuk egin dute Maduroren alde; aurretik, Boliviaren, Kubaren, Nikaraguaren, Iranen, Siriaren, El Salvadorren, Palestinaren, Ipar Korearen, Namibiaren eta Hegoafrikaren babesa ere bazuen.

Limako Taldea

Amerikako hainbat estatuk osatzen duten Limako Taldeak premiazko bilera abiatu zuen atzo Ottawan, Venezuelako auziaz eztabaidatzeko. Helburua dute Madurori presio gehiago egitea boterea utz dezan, eta Guaidoren aldeko babesak areagotzea.

Hasierako hitzaldian, Justin Trudeau Kanadako lehen ministroak jakinarazi zuen 34 milioi euroko «laguntza humanitarioa» bidaliko duela haren herrialdeak Venezuelara. Egoera politikoaz, honakoa adierazi zuen: «Trantsizio demokratikorako garaia da. Askatasuna berreskuratzeko gutxi falta zaio».

Bien bitartean, Nazio Batuen Erakundeak (NBE) erabaki du ez duela parte hartuko ez EBren elkarrizketarako etziko hitzorduan, ezta Limako Taldearenan ere, Antonio Guterres idazkari nagusiak atzo adierazi zuenez.

«Venezuelan gerra bat sortu nahi dute inbasio bat justifikatzeko»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.