Glyndwrren ondoan borrokatu zuen Tudur familiako kide baten bilobak, Harri Tudurrek, Henry VII.a Tudor izen ingelestua erabilita, lekukoa hartu eta dragoia banderatzat erabili zuen 1485ean, Britainiako erregetza bereganatzeko. Galesen aldeko neurriak hartu bazituen ere, haren seme Henry VIII.a ospetsuak Gales Ingalaterrari lotu zion ofizialki, 1536ko Batasunaren Legearekin. Harrezkeroztik, nahiz eta independentzia nahia bizirik egon, dragoiaren sua aski ahulduta dago. Eta Galesko nazionalistek Europako itunak su hori bizituko duen edo ez ez dute oso argi oraindik. Unionisten artean, aldiz, itunarekiko jarrera baikorra da nagusi. Erresuma Batuko Alderdi Laboristaren adarra da nagusi Cardiffen (Caerdydd, galesez) egoitza duen Legebiltzarrean. 2003ko maiatzaren 1ean eginiko hauteskundeek honako diputatu banaketa utzi zuten: Alderdi Laborista (30), Plaid Cymru (12), Alderdi Kontserbadorea (11), Liberal Demokratak (6) eta Forward Wales (1). Galesko Legebiltzarra abian jarri zutenetik, 1999tik, laboristek eta tory-ek (kontserbadoreak) bina diputatu irabazi zituzten 2003an; Plaid Cymruk bost galdu zituen eta hala Liberal Demokratek nola Forward Walesek beren ordezkaritza atxiki zuten.Londresko gobernua 2006an da egitekoa Europako lege nagusiaren gaineko galdeketa, Erresuma Batuaren menpeko herrialde guztietan. Londresen eta Cardiffen laboristak dira nagusi eta hauek baiezko jarrera dute Europako itunaren aurrean. Cardiffen duten egoitzatik Ildo Politikorako arduradun Dave Hagendykek Berriari ezagutzera eman dionez, «Europaren eraikuntzan sinesten dutelako» nabarmendu eta herritarrei jakinaraziko dizkiete «itunaren onurak». «Tory-ak ez bezala, Alderdi Laboristan gehientsuenak konbentzituta gaude Galesentzat eta Britainia Handiarentzat lekurik egokiena Europako Batasunean dagoela, eta uste dugu Konstituzioa ez onartzeak ondorio latzak ekarriko dizkiela bai Galesi bai Britainia Handiari».Itunaren aldeko jarrera nola egituratu eta zabaldu ez dute oraindik askotxo eztabaidatu. Haatik, Hagendyken ahotan, «gehien-gehienak» itunaren alde daude, nahiz eta onartzen duen «zenbait alderdikide» kontra daudela. Liberal Demokratek ere baietza emango diote Europako lege nagusiari, «Europaren eta estatu kideen botereak zehaztuko dituelako», Jenny Randerson diputatuaren esanetan. «Europaren botereak murriztuko ditu eta autonomia sendotuko», arrazoitu du Cardiff erdialdeko barrutiko ordezkariak. «Alderdiak Europaren ideian sinesten du, baina horren funtzionamendua aldatu nahi dugu». Kanpainarik hasi ez badute ere, Randersonek ezagutarazi du hori hainbat alderdirekin batera egiteko asmotan dabiltzala.
Zalantzak eta ezezkoak
Plaid Cymru alderdi abertzaleak ez du oraindik bere jarrera ofiziala zein izango den finkatu, baina alderdiko ordezkari Sion T. Jobbinsek jakitera eman duenez, oso litekeena da ezezkoarekin lerratzea. «Oraindik erabakia eztabaidatzen ari gara, erreferenduma egin arte oraindik denbora asko geratzen delako. Itunarekiko nolabaiteko sostengua dago, baina hizkuntza eta nazionalitate alorrei eskaintzen dien tarteaz kezka handia dago. Galdeketa urrun dago baina nik orain uste dut kontra bozkatuko dudala eta hala bozkatzeko eskatuko diet alderdikideei», azaldu du.
Konstituzioa onartuko balitz, Jobbinsek uste du ez liokeela Galesi «aldaketa handirik» eragingo. Haren ustetan, abertzale galesek Herrialde Katalanetan eta Euskal Herriko hegoaldean ezetzak izan duen portzentaia handia kontuan izango dute, erreferentzia gisa: «Erresuma Batuko emaitzetatik baino, Herrialde Katalanetako zein Euskal Herrikoetatik gertuago egongo dira Galesko emaitzak».Hizkuntza galesari dagokionez, Plaid Cymruko eurodiputatu Jill Evansek honakoa adierazi du berriki: «Galesko bizitza publikoan elebitasuna areagotzen ari dela ikusirik, ez dut ikusten erreferendum kanpaina sinesgarririk Londresko gobernuak ituna galesez eta ingelesez eskuragarri jarri ezean».Horren haritik, Erresuma Batuko Atzerri Ministerioak Eurolang erakundeari Europako hizkuntza gutxituen aldeko erakunde independentea, Bruselan egoitza duena hil honetan jakinarazi dio Erresuma Batuan ingelesaz gain dauden hizkuntzetatik «soilik galesera» itzuliko duela itunaren testua, ez, ordea, Irlanda eta Eskoziako gaelikoetara, Eskoziako scotsera eta Ingalaterrako hego-mendebaldeko muturrean, Kornuallesen, berpizten saiatzen ari diren hizkuntzara, hots, kornubierara. Iazko irailean Plaid Cymruk eginiko konferentzian zera eskatu zion Simon Thomas diputatuak Londresko gobernuari: «Erreferendumaren emaitzak ematean Galeskoak bereizita eman beharko zenituzkete». Alderdiak Europako Batasunaz duen ikuspegia aho batekoa ez den erakusgarri da Thomasek irailean esan zuena: «Hizkuntz eta kultur aniztasuna inoiz baino hobeto daude babestuta, eta galesa sustatzeko erabil daitekeen lege oinarria dago EBn. Itunak eskualde eta tokiko gobernuak ofizialki ezagutzen ditu, baina Londresi gogor egin behar diogu presio, Galesen irabaziak areagotzeko». Alderdi Kontserbadoreak, deitura osoa kontuan hartuz duen Unionista hitzari ohore eginez, Erresuma Batuaren ikuspegitik egiten ditu balorazio eta iruzkinak. Gauza bera egiten du Europako Batasunari eta itunari dagokienean: «Kontserbadoreok Erresuma Batuko hauteskunde orokorrak irabaziz gero, Gobernuaren baliabide guztiak erabiliko ditugu britainiarrak Europako Konstituzioari ezetza emateko konbentzitzeko. Itunaren kontrakoak gara erabat, uste dugulako Gales, Britainia Handia eta Europarako txarra dela».
Tory-ek ondo deritzote EBren hedapenari, baina ez dute Bruselako «zentralismo burokratikoa» gustuko; bai, ordea, Londresek bere menpeko nazio eta lurraldeei (Gales, Eskozia, Man Uhartea, Irlandako iparraldea eta Ingalaterra) ezarritakoa.«Soilik Europa demokratiko batek, herritarrekiko harreman zuzenean, izan dezake arrakasta etorkizunean. Proposatutako konstituzioak are demokrazia gutxiago edukitzea esan nahi du, eta geroan erreformak egitea ezinezko bihurtuko du».Glyn Davies diputatu kontserbadoreak ez du ezkutatu Londresko gobernuaren jarrerak eragin dion haserrea: «Britainia Handia Europako konstituzio berria batere garrantzitsua ez dela erakusten saiatzen ari delako oso haserre nago».
Alderdi txikien mesfidantza
Alderdi eta talde txikiagoek, hala nola Forward Wales, Green Party eta Respect sozialisten koalizioak, ez dute, oro har, Europako lege nagusiaz iritzi baikorregirik. Mesfidantza, jarrera kritikoa eta kontrako ikuspegiak dira nagusi, alderdietako kide batzuek esperantzarako zirrikiturik ikusten duten arren.
Forward Wales (Aurrera Gales) alderdiko diputatu bakarra da John Marek. Alderdi Laboristatik atera zen 2003an eta alderdi berria sortuta diputatu hautatu zuten. Alderdiak ez du oraindik itunaz jarrera finkorik eta Marekek aitortu du «bi ikuspuntu nagusi» dituztela horren inguruan. «Oraindik ez dugu eztabaida askorik egin, batetik Erresuma Batuko hauteskunde orokorretarako prestatzen ari garelako eta, bestetik, galdeketarako data zehatzik ez dagoelako».Diputatu ezkertiarraren esanetan, bere alderdian bi pentsamendu ildo ezberdin daude: «Ikuspuntu baten arabera, Kapitalaren Europa bilakatzen ari da EB; Europako Armada eratu nahi dute, baita super estatu baten osagarri guztiak ere. Beste ikuspegiak, aldiz, esaten du aurrekoak arrazoi zati bat izaki ere langileak hobeto babestuta daudela Europan Erresuma Batuan baino. Gainera, Konstituzioa onartuz eta EBren baitan lanean segituz Eskualdeen Europa lortzeko posibilitate hobea dagoela diote bigarren ikuspegia dutenek».Bien bitartean, Green Party (Alderdi Berdea) ezetzaren alde argi eta garbi agertu da. Ez du Legebiltzarrean ordezkaririk, baina itunaren aurka kalean ekiteko asmoa du. «Galesko Alderdi Berdeak ezetzaren aldeko kanpaina egingo du. Joan den udazkeneko konferentziari jarraiki, Konstituzioaren kontrako kanpainan xenofobiaren eta bakartzearen aurka arituko gara», azaldu du Jonathan Spink alderdikideak.Galesko Dragoi Gorriari zer-nolako sua darion ikusteko aukera eskaini ahal izango dute, hemendik hilabete batzuetara, alderdi, talde zein herritarrek.
Bihar:
Sami Herria. 'Aintzat hartuak izateko tresna'
-
HIZKUNTZAREN ALDEKOAK
Galesaren eta nazioaren ezagutza ofizialaz kezkatuta
Cymuned (Komunitatea) galesaren aldeko erakunde independentearen hitzetan, ituna «auzi korapilatsua» da: «Proposatutako konstituzioak hutsune serioak ditu, hala nola Europako hizkuntza guztiak ezagutzeari uko egitea, baina itunaren kontrako botoa Europaren kontrakotzat jo dezakete askok». Auziaz ez dute asko eztabaidatu, baina kideek ikuspuntu ezberdinak dituztela jakinarazi du taldeko buru Aran Jonesek. «Baiezkoak erakutsiko luke nazionalismoa eta hizkuntzaren aldeko kanpainak benetako internazionalismoarekin (ez denok hizkuntza bera hitz egiteko eskatzen duen internazionalismo faltsua!) eskuz esku doazela eta Europaren esparruan ondo egokitzen direla. Ezezkoak Konstituzioaren elementu onartezinak nabarmentzeko balioko luke; horietan esanguratsuena, Europako hizkuntza guztiak ez ezagutzean eginiko akatsa».
«Egun ordezkaritza ñimiñoa besterik ez dugu, Britainia Handiko zati baikara; nazio independente gisa, ordea, askoz ere ordezkaritza zabalagoa edukiko genuke, baita gure interesak sustatzeko leku hobea ere». Estaturik gabeko nazioen eta hizkuntza gutxituen ezagutza eza kezka handia dela dio: «Europa gutxiengoen eta kultur aniztasuna ezagutzeari uko egiten dioten botere handien arteko ituna bihurtzen bada, oso kaltegarria izango da. Gutxiengoak ezagutu eta sostengatuz gero, oso baliagarria izan daiteke». Jonesek beste onura eta kalte potentzial bana aletu ditu: «Ona, Ingalaterrarekiko menpekotasuna murriztea eta ordezkaritza egokia lortzeko independentziaren beharra ulertaraztea; txarra, hizkuntza eta kultura gutxituentzako zapalkuntza giroa sortzea».