Parte-hartzea %39,55 izan zen eta botoa eman zutenen artean baiezkoa izan zen nagusi igandean Herrialde Katalanetan, ontziratutako botopaperen %73,19rekin. Halere, hainbat alderdik parte-hartze eskasa eta ezezkoaren garrantzia (%20,18) nabarmendu zituzten.
Herrialde Katalanetatik soilik Espainiaren menpe daudenak (Katalunia, Valentzia, Balear Uharteak eta Aragoin dagoen Franja de Ponent deitutako lur zerrenda) izan zuten bozketa eguna atzo. Rosello (Frantziaren menpe dago), Andorra eta El Alguer (Sardinia) ez zuten bozkatu, erreferendumak Espainiako Gobernuak antolatu baitzuen. Katalunian parte-hartzea %40,96koa izan zen eta baietzak jaso zituen boto gehien, %64,64, hain zuzen ere. Ezezko botoak %28,07 izan ziren eta zuriak %7,29. Generalitateko presidente eta PSC alderdi sozialistako buru Pasqual Maragallek «goraipatzekoa eta izugarri atsegina» iritzi zion parte-hartzeari. «Gobernu hirukoa osatzen dugun alderdiok katalan gehienek Europako Konstituzioari emandako babesetik lezioak atera, eta katalanaren ezagutza bezalako aldarrikapenak aintzat izango dituen Europako Batasunaren alde lan egin beharko dugu».
Aitzitik, ERC Esquerra Republicana de Catalunyako (hirukoan dago) presidente Josep-Lluis Carod Rovirak Espainiako Gobernuari ohartarazi zion «Kataluniaren ezezko bereizia» kontuan hartu beharko duela. CiU Convergencia i Unioko buru Josep Antoni Duran i Lleida baikor agertu zen, «Europak katalanaren presentzia sendotuko» duela uste baitu.
ICV Iniciativa Per Catalunya-Els Verts koalizioko buru Joan Saura parte-hartze baxuaz kexu zen eta «ezetzak Europa alternatibo baten eskaera» adierazten duela esan zuen. «Europeismo kritikoa ikusi dugu».Bitartean, ezetzaren aldeko kanpaina egin zuten gizarte taldeek «Kataluniak Espainiako estatuarekiko ezberdintasuna erakutsi» duela adierazi zuten.
Valentzia eta Baleareak
Valentzian %44,44ko parte-hartzearekin, baiezkoa nagusitu zen, botoen %77,36rekin. Ezezkoak %16,41 jaso zuen eta zuriak %6,23. Generalitateko presidente Francesc Campsek (PP Alderdi Popularra) zera esan zuen: «PPren botoek salbatu dute erreferenduma». PSPV alderdi sozialistako buru Ignasi Plak esan zuen Valentziak «Europaren eraikuntza gidatzeko» lan egingo duela. EUPV Ezker Batuarentzat, emaitzak oharkizuna dira Madrilek «eskuinera jo ez dezan».
Baleareetan %33,27ko parte-hartzea izanik, baietzak botoen %77,59 lortu zuen, ezetzak %16,07 eta zuriek %6,34. Presidenteak (PP) parte-hartze murritzaren «erantzukizuna» duela aitortu zuen.
EUROPAKO KONSTITUZIOA. ERREFERENDUMA. Herrialde Katalanetan ere baietza nagusi, parte-hartze txikiarekin
Bozkatzeko aukera zuten lurraldeetan baiezkoa %73koa izan da; ezezkoa, berriz, %20koa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu