EUROPAKO KONSTITUZIOA. «Ez dut nire boza eskuin muturrarekin edo estatu-nazioen zaintzaileekin nahastea nahi»

2005eko otsailaren 20a
00:00
Entzun
Conseu Estaturik Gabeko Nazioen Batzarreko kidea da Yann Choucq abokatu bretainiarra. Ez da alderdi autonomista edo independentista bateko kide, baina Europako Konstituzioari bai esango diola esan dio BERRIAri.

Europako Konstituzioak estaturik gabeko nazioen eskubideak bermatzeko eta garatzeko aukera emango duela uste al duzu?

Bai, eta bi arrazoirengatik. Lehena da testu horrek, bere 4. atalean, birmoldaketa edo aldaketa klausula bat daukala. Bertan zehazten da estatu aginteetatik bereizia dagoen eta herritarrek hautatu dute Europako Parlamentuak eginkizun funtsezkoa duela. Bigarren arrazoia da Europaren araubide juridikoen bateratzeak estatu guztiak behartuko dituela euren arau juridiko propioak bat-egite horretara egokitzera.

Horrek, zehazki, zertara behartuko luke Frantzia ?

Araubideen bateratze horrekin, Frantziak, nahitaez, bete beharko du, alde batetik, hizkuntza gutxituentzako araudia eta, bestetik, nazio gutxiengoentzako hitzarmen esparrua. Gaur egungo EB Europako Batasuna baino egitura zabalagoa den Europako Kontseiluak garatutako esparru hori eta araudi juridiko horiek estatuei derrigorrez betearazteak laguntza handia ekarriko diete nazio gutxituei, Europan euren ezagupena lortzeko.

Konstituzio proiektu honek estaturik gabeko nazioen eskubideak ez dituela bermatzen esateaz gain, ezaren aldekoek gaitzesten dute itunean diseinatu duten eredu ekonomikoa. Zer deritzozu horren inguruan?

Testu hau liberalismoa bideratzen duen itun bat izatea Europako Batasunaren eraikuntza historikoaren ildotik datorrela esango nuke. Gogoan eduki behar da EB bilakatu egin dela eta ekonomia alorreko itun bat izan zela hasieran. Baina, atal horretan ere, gauzak alda daitezke, bilakaerak izan daitezke... EBko estatu bakoitzean egongo diren aldaketa politikoekin lotuta daude. Ez da egia ere arlo sozialeko hobekuntzen aldeko xedapenik ez dagoela testu honetan. Badaude, hala ere, gaur egungo formulazioan, osatu gabeko atalak.

Langileen eskubideak murrizten eta ekonomia eraketarako arau hausteak zilegi egiten dituela diote, haatik, ezkerreko hainbat alderdik eta sindikatuek. Horrela al da?

Liberalismoak langileentzako eragiten duen arazo larriena, estatuen artean egun egon daitezkeen araudi sozial ezberdinen artean jokatzeko ahalmena da. EBren barruan ere oraindik ekonomia garapen mailen arteko desorekek sortzen dituzte arazo horiek, hala nola, enpresak lekuz aldatzea zilegi izateak, Poloniara esaterako. Nire iritzian, beraz, arau ekonomikoeneta eskubide sozialen berdintasuna zehazten duen itun bat baliabide oso eraginkorra izango da alde horiek egoteaz baliatzen diren lege eta federik gabeko kapitalisten kontra egiteko.

Baiaren alde gogotsu emango duzu botoa, beraz ?

Ez. Besterik ezean emango dut baiaren aldeko botoa. Aipatu ditudan arrazoi horiez gain, baina, ez dut nahi ezezkoa emanez nire boza nahasi dadin eskuin muturrekoekin edo estatu-nazioen zaintzaile sutsu bezala agertu nahi diren subiranotasun zaleen bozekin. Horiekbeldur diote gaur egungo estatuen boterea ahultzeari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.