EUROPAKO KONSTITUZIOA. «Galesek Europan erabakiak hartzeko era hobetuko du itunak»

2005eko otsailaren 24a
00:00
Entzun
Erresuma Batuko Liberal Demokraten alderdiak Galesen duen adarraren bozeramailea da Gareth Pryce. Alderdiak baiezkoa emango dio Europako itunari, nahiz eta oraindik kanpainarik abiatu ez duten. Dena dela, Prycek Berriari telefonoz adierazi dionez, zenbaitetan auziaz iritzi kritikoak ere agertu dituzte alderdikideek.

Zer bozkatuko duzue Europako itunaren gaineko erreferenduma egiten denean?

Baiezkoa.

Eztabaida handia al dago alderdi barruan hartu beharreko jarreraz?

Egia esateko ez dugu oraindik eztabaida askorik egin, erreferenduma oraindik urrun geratzen delako. Dena den, zerbait eztabaidatu dugu, bai. Oro har, ituna sostengatzen dugu, baita Europako Batasuna ere; halere, zenbaitetan kritiko agertu gara.

Zertan agertu zarete kritiko?

Hara, Europaren ideian sinesten dugu, baina funtzionatzeko modu batzuk ez dira perfektuak.

Nola azaldu diozue Europako itunaren aldeko baiezko jarrera alderdikide eta jarraitzaileei?

Uste dugu Konstituzioak abantaila ugari eskaintzen dituela... Beno, Europatik atarramenturik onena lortzeko modurik onena hura erreformatzea da, eta Konstituzioaren itunak hori egitea ahalbidetuko du.

Zer-nolako kanpaina daramazue Konstituzioari dagokionez?

Orain ez da gure lehentasun nagusia; heldu den urtean hauteskunde orokorrak izango ditugu [Erresuma Batuan]. Gainera, oraindik ez dago erreferendumerako data jarrita, beraz, ez diogu horren gaineko kanpainari ekin. Segur aski datorren urtean hasiko gara kanpainan lanean, [Londresko] Gobernuak 2006rako data jartzea aurreikusten baita.

Zer ondorio izango ditu Europako Konstituzioak Galeserako?

Ondo bidean eta hala espero dugu Europaren baitan Galesek erabakiak hartzeko modua hobetuko du itunak. Galesen ahotsa entzuna izango da eta Europa itxuratzen rol garrantzitsua jokatzeko aukera izango dugu galestarrok.

Zein da alde txarra, zuen ustez?

Gure iritziz, onurak kalteak baino gehiago izango dira, bestela ez genukeen aldeko jarrera hartuko.

Nola ikusten duzu Galesko gizartearen jarrera? Zer-nolako interesa du gaiarekiko?

Ez dut interes handirik antzeman. Erreferenduma oraindik aski urrun egotea interes falta horren eragile bat izan daitekeelakoan nago. Horrez gain, jende askok ez du ulertzen Europako Konstituzioak zer esan nahi duen. Jende batentzat oso auzi zaila da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.