Luxenburgo Europako Konstituzioari baietza eman dion hamahirugarren herrialdea izan da. Hautesleen %56,52k bai esan diote Europako Konstituzioari, ez bozkatu dutenen %43,48ren aurrean, hamahiru puntu baino gehiagoko aldearekin. Luxenburgoren baietzak Europako Batasunak irekitako «gogoetarako aldiari» arnasa hartzeko aukera eman dio, Frantziak eta Herbehereek emaniko ezetzen aurrean.
Herrialde horretako 118 barrutietatik soilik seik esan diote ez Konstituzioari: Beaufort, Betzdorf, Esch-sur-Sure, Esch-sur-Alzette, Petange, Kayl, Sanem eta Rumelange; gehienek Frantziarekin muga egiten dute. Luxenburgoren baietzarekin EBko estatuen erdiak baino gehiago dira Konstituzioa onartu dutenak. Horietatik gehienek Legebiltzarrean egin dute bozketa eta soilik Espainiak eta Luxenburgok onartu dute erreferendum bidez.
Europako Batzordeko lehendakari Jose Manuel Durao Barrosok adierazi du Luxenburgoren baietzaseinale indartsu bat dela, horrek adierazten baitu itun konstituzionalak herrialdeen gehiengoaren nahiei erantzuten diela, munduan Europa demokratikoago, gardenago, eraginkorrago eta indartsuago bat lortzeko. Estatu gehienek Europako Konstituzioan sinesten dutela gaineratu zuen. Hala ere, Frantziaren eta Herbehereen ezezkoaren ondorioz, Konstituzioaren geroa dudan dagoela onartu zuen. «EBko kide garen herrialdeok Frantzia eta Herbehereen ondoren baiezkoa esateko ausardia behar zen», adierazi zuen Jean-Claude Juncker Luxenburgoko lehen ministroak, erreferendumaren emaitza jakin bezain pronto. Luxenburgon izan den emaitzak gainontzeko estatuetan egiten ari diren eztabaidetan eragina izatea espero du. «Luxenburgok ezetz esan balu, krisia oraindik larriagoa izango zen», gaineratu zuen Junckerrek. Atzerri ministro Jean Asselbornek zera adierazi zuen: «Egia da Europa ez dagoela ongi, baina hau hotzeria bat besterik ez da, eta gaur ezti eta limoi edalontzi handi bat eman diogu».Ekainaren 16an Europako Batasuneko agintariek berrespen prozesuan geldialdi bat egitea erabaki zuten, gogoeta denboraldi bati hasiera eman eta ezezkoa beste estatuetara zabal ez zedin. Hogeita bost estatuek aitortu zuten ez zeukatela bestelako planik pentsatuta eta berreste prozesuak burutzeko denbora gehiago hartzea erabaki zuten.
Froga berri bat
Sei estatu dira, erreferenduma egiteko asmoa izaki, ausartzen ez direnak: Txekiar Errepublika, Erresuma Batua, Portugal, Polonia, Irlanda eta Danimarka. Frantziaren eta Herbehereen ezezkoen ondoren, erreferendumak ezeztatu edo atzeratu dituzten estatuak dira horiek.
Europako Konstituzioak argi berdea ikus dezan guztien onarpena behar du. Oraingoz, Espainia, Italia, Grezia, Alemania, Austria, Hungaria, Eslovenia, Eslovakia, Letonia, Lituania, Zipre eta Maltaren argi berdea jaso du. Erreferendum bidez bi herrialdek bakarrik egin dute: Espainiak eta Luxenburgok.Berrespen prozesuak uda honen ondoren jarraituko du, hala egin nahi duten estatuetan, hots, Estoniaren eta Finlandiaren kasuan. Hala ere gutxienez 2007 arte geldirik egongo da proiektua. Txekiar Errepublikak 2006 edo 2007. urte hasierara bitartean ez duela kontsultarik egingo adierazi du, eta Erresuma Batuak zuzenean bertan behera utzi du kontsulta.
EUROPAKO BATASUNA
Europako Konstituzioa indartu izana espero du Luxenburgok
Igandean egindako erreferendumean, botoen %56,52 aldekoak izan dira eta %43,48 aurkakoak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu