TXETXENIA

Europako Kontseiluak elkarrizketa eskatu du

Giza eskubideen egoera «tamalgarria» dela adierazi dio Errusiari

Erredakzioa
2004ko urriaren 8a
00:00
Entzun
Europako Kontseiluko Batzorde Parlamentarioak (PACE) «elkarrizketarako» deia egin zion atzoErrusiari, Txetxeniako gatazkari amaiera emateko «irtenbide bakar» gisa. PACEren ustez, Txetxenian nagusi den «zigorgabetasun giroa» amaitutzat jo behar da. Izan ere, Kaukasoko errepublikan giza eskubideak «egoera tamalgarrian» daudela salatu du. Bilera luze baten ondoren Txetxeniako egoera politikoaren eta giza eskubideen gaineko hiru erabaki eta bi aholku onartu zituzten.

Duela bi egun kargua hartu ostean, Alu Alkhanov Moskuren aldeko Txetxeniako presidentea ere izan zen atzoko bileran. Bertan Europako Kontseiluko hainbat kidek Errusiako segurtasun indarren lana «estatu terrorismoa» zela salatu zuten. Errusiako ordezkariak, bestalde, PACEren «espiritu eraikitzailearekin» batera lan egiteko prest azaldu ziren, nahiz eta giza eskubideei buruzko txostena kritikatu zuten.Txostenak 36 orri ditu eta Andreas Gross, Rudolf Binding eta Tadeusz Iwinski diputatu sozialisten informeetan oinarritzen da. «Metro kuadroko arma kopuru handienarekin, Txetxenia Europako lekurik beltzena bilakatu da», nabarmendu zuen Grossek. Ondoren, Bildinek honakoa adierazi zuen: «Errusiako agintariek ez didate ukatu txostenetan aipatzen diren desagertze, tortura eta hilketen artean bat bera ere».

Bake konferentzia Estrasburgon

Bileran onartu zituzten testuek hainbat ekimen aurreikusten dituzte, besteak beste, bake konferentzia bat egitea. Konferentzia hori Estrasburgon egingo lukete, agintari errusiar eta buruzagi txetxeniarrekin. Alkhanov Txetxeniako presidente berria batzarraren alde agertu zen, «muturreko jarrerak defendatzen ez dituzten pertsonak» esertzen badira.

Europako Kontseiluak antolatzeko asmoa daukan bake konferentzia horretan Txetxenian zein diasporan bizi diren buruzagiek parte hartu ahal izango lukete. Izan ere, gehiago baitira Txetxeniatik kanpo bizi diren txetxeniarrak, Txetxenia barruan daudenak baino.Moskuren aldeko presidente Alkhanovek adierazi zuenez, Estrasburgora egindako bisitak txetxeniarren egoera hobetzearen alde lan egiteko borondatea erakusten du.Baina Alvaro Gil-Robles Europako Kontseiluko Giza Eskubideen komisarioaren ustez, «garrantzitsuena ekintzak dira». Gil-Roblesek adierazi zuenez, «irtenbide militarrek ez dute Txetxeniako arazoa konponduko, elkarrizketa beharrezkoa da». Era berean, beharrezkoa dela uste du 1.749 desagerturen kasuak argitzea. Moskura eginiko azken bidaian Errusiako Fiskaltzak emandako datuen arabera, 1.749 desagertze kasuetatik 60 bakarrik argitu dira. Gil-Roblesentzat guztiak argitzea «bakearentzat beharrekoa da, biktimen familiek egia jakiteko eskubidea dutelako».Alkhanovek, hala ere, kontseiluko kideei azaldu nahi izan zien «terrorismoak», Beslango eskolan gertatutakoak esaterako, eta baita «gaizkiletzak» ere «giro zaila» sortzen dutela. «Herritar moduan eta Txetxeniako presidente berri gisa joera ezkorrak dena delakoak izanik ere egoera hobera doala ziurta dezaket», gaineratu zuen. 2004ko datuak iazko datuekin alderatu zituen: 2003an 537 pertsona bahitu zituztela adierazi zuen eta 2004. urtean, aldiz, 129. «Agintari federalek hartutako neurrien ondoren» gertatutako aldaketa zela azaldu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.