EB Europako Batasuneko buruzagiek Frantziako ijitoen kanporatzeen inguruan hitz egin zuten atzo, baina herrialdea kritikatzea ekidin zuten. Frantziak Europako Kontseiluko gainerako kideen aurrean ijitoekin duen politika defendatu, eta ijitoak kanporatzen jarraituko duela jakinarazi zuen. Haren hitzetan, Frantziak herrialdeko eta Europako Batasuneko legeak errespetatzen ditu. Bilera amaitzean, Sarkozyk ziurtatu zuen Alemaniak helburu bera zuela, baina Angela Merkel kantzilerrak gezurtatu egin du. Gaiak tentsio handia sortu du, batez ere Frantzia eta Europako Batzordearen artean. Viviana Reding EBko Justizia komisarioak Frantziari eginiko kritikak dira horren eragileetako bat. Europako Parlamentuko presidenteJerzy Buzekek egoerak okerrera ez egiteko hitzak «neurtzeko» eskatu du.
EBko herrialdeen egoera ekonomikoa, eta Txina, India eta beste hainbat Asiako herrialderekin dituzten harremanei buruz hitz egiteko bildu zen Kontseilua. Baina Redingen adierazpenek sortutako tentsioaren eraginez, gaia eztabaidatzea erabaki zuten.
Komisioaren ondorioetako bat da ijitoen inguruan neurri bateratuak hartu behar dituztela. Errumaniako presidente Traian Basescuk erabakia txalotu du.Haren hitzetan, EBk ijitoei laguntzeko funtsak administratzeak haien egoera hobetzen lagunduko du. Horrez gain, herrialde bakoitzak zuzenbide estatua mantentzeko eskubidea duela azaldu dute, eta Europako Batzordearen lana EBko legeak errespetatzen dituzten edo ez ziurtatzea dela. Hala ere, batzordearen eta herrialdeen arteko harremana «errespetuzkoa» izan behar duela gaineratu dute.
Redingek ijitoen kanporatzeak Frantziak Bigarren Mundu Gerran eginikoekin alderatu zituelako egin dute azken ohar hori. Redingek barkamena eskatu du, baina ondoren ere kritikak jasotzen jarraitu du. Nicolas Sarkozy presidenteak adierazpenak Frantziaren aurkako «iraintzat» hartu ditu. Gainera, haren hitzetan, «nahi badu, kanporatutako ijitoak Luxenburgora eraman ditzake Redingek». Baina Luxenburgoko Atzerri ministro Jean Asselbornek gogorarazi du Reding komisario moduan hitz egiten ari zela, ez Luxenburgoko herritar moduan.
Beste hainbat agintarik ere Reding kritikatu dute. Europako Komisioko presidente Jose Manuel Barrosok babesa eman dio, baina konparazioa lekuz kanpo dagoela gaineratu du. Merkelek ere Redingen adierazpenen «tonua» kritikatu du, eta horrelako konparazioak egitea gaitzetsi du. Hala ere, Europako Batzordea kanporaketen inguruan egiten ari den ikerketa defendatu du, haren iritziz, hori baita erakundearen betebeharretako bat.
Frantziako Gobernua ekainaren 20an hasi zen ijitoak kanporatzen, eta ordutik ehun kanpaleku inguru desegin eta 1.000 lagun inguru bidali dituzte Errumaniara eta Bulgariara.
Europako Kontseiluak Frantziaren ijitoekiko politika salatzea ekidin du
Nicolas Sarkozyk adierazi zuen Alemaniak ere ijitoak kanporatu nahi dituela, baina Angela Merkelek gezurtatu egin du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu