EUROPAKO LEGEBILTZARRERAKO HAUTESKUNDEAK. EMAITZAK ESTATUZ ESTATU. Eskuinera egin du Europak

Europako herrialderik jendetsuenetan, Frantzian eta Erresuma Batuan, kasu, jasan dute sozialistek gainbehera handiena

arantxa elizegi egilegor
2009ko ekainaren 9a
00:00
Entzun
Beste behin, eskuinaren kontrolpean egongo da Europako Legebiltzarra. Izan ere, inoizko abstentzio altuenak EPP Europako Alderdi Popularrari egin dio oraingoan ere mesede. Orotara 263 diputatu izango dituzte zentro-eskuinekoek. Aldiz, sozialistek nabarmen egin dute behera, batez ere, Erresuma Batuan, Alemanian eta Frantzian. Soilik bi estatutan lortu dituzte 2004an baino boto gehiago, Grezian eta Eslovakian. «Krisi existentziala da sozialistentzat. Hautesleek ez dute sozialismoa nahi, ondo dabilen merkatua nahi dute. Baina sozialistek kapitalismoari aurka egiteko tradizioari eusten diote», adierazi du Corien Wortmann-Koolek, Herbehereetako zentro-eskuineko eurodiputatuak.

Porrota onartu beste biderik ez zaie geratu sozialistei, eta aitortu dute akatsak egin dituztela kanpainan, baita hausnarketa iragarri ere. «Benetan gau tristea eta garratza da sozialdemokrazia bultzatzen dugunontzat. Baina merkatuaren kontrolik gabeko indarrak gelditzeko borrokan jarraituko dugu, naiz eta lehen baino oinarri ahulagoak eduki», adierazi du Europako Alderdi Sozialistako buru Martin Schulzek. Espainian ere badute kezkatzeko arrazoirik, popularrek bi diputaturen aldea atera dietelako. Horiek hala, Jose Luis Rodriguez Zapatero gobernuburuaren aurkako konfiantza mozioa eskatu du PPk Espainiako Legebiltzarrean. Sustapen ministro Jose Blanco sozialistak, aldiz, ukatu du emaitzek «aldaketa» ekarriko dutela.

Dena den, sozialistek inon galdu badute Erresuma Batuan izan da. Diru publikoaren erabilera dela eta, lehendik ere kolokan zegoen Gordon Brown lehen ministro laboristaren geroa. Europako Legebiltzarrerako bozek, ordea, are egoera okerragoan utzi dute Brown. Azken emaitzen arabera, hirugarren tokian geratu da, Alderdi Kontserbadorearen eta UKIP Erresuma Batuko Independentziaren Alderdiaren atzetik, botoen %15,7rekin. Horiek hala, haren dimisioa eskatu dute dagoeneko oposizioan dauden kontserbadoreek. «Boto gehiago lortu ditugu, eta baita diputatu gehiago ere; era berean, eskualde gehienetan alderdi bozkatuena izan gara», txalotu du David Cameron oposizioko buruak.

Brownek ez zuen hitzik egin atzo. Lehendik ere eskatu diote kargua uzteko, baina uko egin dio dimisioa emateari. Alderdi Laboristako bigarren Harriet Harmanen esanetan, porrota «uste baino gogorragoa» izan da alderdiarentzat, baina hala ere, bat eginda jarraituko dute. «Brown sendoa da oso, eta gai izango da krisiari aurre egiteko. Orain ezin dugu batasuna hautsi».

Erresuma Batuan, Europako estatu gehienetan bezala, nabarmen jaitsi da parte-hartzea, eta horrek talde txikien alde egin du. UKIP, esaterako, bigarren alderdi bozkatuena izan da -Erresuma Batua EBtik irtetearen aldekoa da UKIP-. Baina talde txikien gorakada ez da bakarrik han gertatu.

Talde berriak

Alderdi Popularreko kideek lortutako emaitzak ospatzen jarraitzen duten bitartean, Europako Batasuneko buruzagiak arduratuta daude, urtetik urtera handitzen baitoa abstentzioa. Aurten 2004an baino ere txikiagoa izan da parte-hartzea; %42,94koa. Egia da inkestek ohartarazi zutela hautesleen interes ezaren inguruan, baina horrek ez dio gertatutakoari garrantzia kentzen. Adituen iritziz, alderdiek bultzatutako kanpainaren ondorio ere bada abstentzioa, neurri batean. «Europako Legebiltzarrerako bozetako kanpaina nazioetako agendaren arabera antolatu dute, eta horrek ez du laguntzen. Nazioetako gobernuek ahuntz-burutzat erabili dute EB. Akatsak Bruselak hartutako erabakien ondorio dira, eta arrakastak nazioetako gobernuei esker. Horrek zail egiten du jendea bozkatzera joatea», salatu du Europako Batzordeko presidenteorde Margot Wallstromek. Egia da parte-hartzea ez dela izan hauteskundeetako emaitzak zalantzan jartzeko bezain baxua, baina herritarren jarrera aldatu ezean, hurrengo bozetan abstentzioa arazo larri bilaka daiteke.

Ziurrenik, baina, oso bestelako iritzia izango dute parte-hartze baxuari esker Parlamentura iristea lortu dute eskuin-muturreko alderdi txikiek. Horiek izan dira, zentro-eskuinarekin batera, Europako aurtengo hauteskundeetako garaileak. Europako Legebiltzarrean tokia izango dutenen artean daude, besteak beste, musulmanen aurkako Herbehereetako Askatasunaren Alderdia -bigarren tokian geratu da, botoen %17rekin-, edo Hungariako ijitoen aurkako alderdia, zeinak bi eserleku lortu dituen Parlamentuan. Austrian ere nabarmen hazi da eskuin-muturra eta botoen %18 bereganatu ditu.

Bestetik, botoak zenbatzen amaitu duten arren, Parlamentuaren osaketa alda daiteke datozen orduetan. Izan ere, Nazioen Europaren Aldeko Batasuna koalizioa bertan behera gera daiteke, popularren koaliziotik irten berri diren Erresuma Batuko kontserbadoreekin batera talde berri bat osatzeko. Horretaz gain, litekeena da oraindik inongo blokerekin bat egin ez duten hainbat taldek datozen egunetan hartzea azken erabakia. Italiako Alderdi Demokratikoak, esaterako, 22 diputatu ditu, eta ziurrenik sozialistekin egingo du bat. Mugimendu horiek, ordea, ez dute eskuinaren nagusitasuna kolokan jarriko. «EPPk alde handiagatik irabazi du, eta sozialistek galdu egin dute», nabarmendu du pozik Europako Alderdi Popularreko buru Joseph Daulek.

Sarkozy eta Berlusconi sendo

Azken urtean Frantziako presidente Nicolas Sarkozyren aurkako kritikak asko izan dira. Baina horrek ez du UMP Herri Mugimenduaren Batasunaren gorakada oztopatu. Harentzat izan dira Frantziak Europan dituen 71 diputatuetatik 29. «Lagunok gure alderdiak uste baino arrakasta handiagoa lortu du. Lehen aldia da, 1970tik, presidentearen alderdiak Europako hauteskundeak irabazten dituela», nabarmendu zuen Xavier Bertrandek, UMPko idazkari nagusiak, «Nicolas, Nicolas!» oihukatzen zuen jendetzaren aurrean.

Italiako lehen ministro Silvio Berlusconiren Askatasunen Herria bloke kontserbadoreko bigarren indarra izango da, Alemaniako CDU Batasun Kristau-Demokrataren atzetik. Hortaz baliatuz, ziurrenik, Parlamentuko presidentetza bereganatzen ahaleginduko da Berlusconi, edo hori ezean, EPPko buruzagitza lortzen.



Durao Barroso Batzordeko presidente izendatu ez dezaten kanpaina hasi dute

Jose Manuel Durao Barroso Europako Batzordeko presidentea karguan beste bost urtez jarraitu ez dezan, haren izendapenaren kontrako bloke bat eratzeari ekin diote Europar Berdeak-Europako Aliantza Libreak. Europako Alderdi Sozialistekin bilduko dira berdeak eta liberalekin eta eskuineko alderdiekin ere hitz egiteko borondatea agertu dute. Europako Alderdi Popularrak Durao Barrosoren izendapena sostengatzeko eskatu die gobernuburu eta estatuburuei. Hilaren 18an eta 19an egitekoa den goi bileran dira agintariak erakundeko presidentea aukeratzekoak -aho batez onartu behar dute-, baina ondoren boto sekretuaren bidez berretsi beharko dute izendapena eurodiputatuek. Durao Barrosok bozen «garaipen handiaz» mintzatu da: «Europako proiektua babesten duten alderdien garaipena izan da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.