Gobernu zigortuak
Zenbait gobernuren politikak herritarren errefus argia jaso du hauteskundeotan. Erresuma Batua, Frantzia, Alemania eta Irlanda dira horren adierazgarri. Erresuma Batuan Tony Blair lehen ministroaren Alderdi Laboristak, udal bozetan ez ezik Irakeko gerraren kontrako Ken Livingstone Londresko alkatearen salbuespenarekin, Europakoetan ere jaitsiera nabarmena izan du. Sei diputatu galduta, 17rekin geratu da, baina oposizioan diren kontserbadoreek, diputatu gehiago lortuta ere (25) emaitza okerragoak eskuratu dituzte: zortzi aulki galdu dituzte. UKIP hirugarren postura igo da, bi alderdi nagusien boto ugari lortuta: 12 diputatu eskuratu ditu.
Alemanian porrot handia izan du Gerhard Schroeder kantzilerraren SPD Alderdi Sozial Demokratak gobernu koalizioko kide nagusia. Duela bost urteko bozetan %30,7 eskuratu bazituen ere, oraingoan soilik %21,5 jaso du. Koaliziokideak, hots, Berdeak alderdiak, duela bost urteko emaitzak hobetu ditu, %6,4tik %11,9ra pasatuta. Garaile argia izan da, ordea, oposizioko alderdi nagusien koalizioa: CDU Batasun Kristau Demokratak eta Bavariako CSU Batasun Kristau Sozialak, botoen %44,5 eskuratu dituzte orotara. Frantzian, martxoko eskualde eta departamenduetarako hauteskundeetan Gobernuan den UMP Herri Mugimendurako Batasuna alderdiari emandako zigorra berretsi dute herritarrek. Oposizioko PSF alderdi sozialista izan da berriz garaile, botoen %28,89rekin, UMP %16,64rekin geratu delarik. UDF zentroko liberalen alderdiak emaitza onak izan ditu eta behialako aliatuengana (UMPko oinarri RPR) hurbildu da ehunekoetan: %11,95. Atzetik, Fronte Nazionala (%10), Berdeak (%7,4) eta beste hainbat geratu dira. Sozialistek Jacques Chirac presidenteari eskatu diote Jean-Pierre Raffarin lehen ministroa behingoz Gobernutik kentzeko.Irlandan Bertie Ahern lehen ministroa da EBko txandakako presidentea Gobernuan den Fianna Fail demokristauak kolpe latza jaso du. Zenbaketa bukatu gabe oraindik, Ahernen alderdiak lau diputatu lortu ditu, eta oposizioko Fine Gaelek (kontserbadorea) hiru. Dudarik gabe, Sinn Feinek izan di igoerarik handiena. Irlanda hegoaldean diputatu bat eta iparraldean Erresuma Batuaren mende beste bat. Orain arte ez zuen eurodiputaturik.EBko estatu handietan hauteskundeak irabazteko gai izan den gobernu bakarra Espainiakoa izan da. PSOEk iragan martxoan izandako garaipena berretsi du, PPren kaltetan. Oraingoan, baina, tartea ez da hain handia izan. PSOEk 25 diputatu erdietsi ditu, eta PPk 23 bereganatu ditu. IU bi diputaturekin soilik geratu da.Italian, lehen ministro Silvio Berlusconiren Forza Italia 22 tik 17 diputatura jaitsi da, eta oposizioko Olibondoa koalizioak 15etik 27ra egin du jauzi.
Herbehereetan joan den ostegunean egin zuten bozketa. Gobernuan diren demokristauek bi diputatu galdu zituzten, baina botoetan laboristen aurretik segitzen dute. Haiek bezala, bederatzi aulki eskuratu zituzten. Laboristek (PvdA) aulki bat irabazi zuten, eta SP Alderdi Sozialistak bigarrena lortu zuen. VVD alderdi liberala seitik laura igaro da eta Groen Links (Berdeak) alderdia lautik bira pasatu da. Ezustea Europako Batzordeko funtzionario eta ustelkeria kasuen salatzaile Paul van Buitenen Europa Transparant zerrendak eman du bi diputatu lortuta.Gobernuak emaitzak gainerako estatuenekin batera argitaratu arte itxaron ez zuenez, Brusela aztertzen ari da hura Europako Justizia Auzitegira eraman edo ez.
-
EKIALDEKO ESTATUAK
Oso parte-hartze baxua sartu berrietan
EBn maiatzaren 1ean sartu ziren Europa ekialdeko 10 estatuetan %26,9koa soilik izan da herritarren esku-hartzea. Aurreikuspenetan abstentzioa iragarrita zegoen, baina inork ez zuen hain apala izango zenik espero, EBn sartzeko erreferendumetan handia izan zela kontuan hartuta. Horrek zer pentsatu emango du datozen egunotan. Parte-hartzerik txikiena Eslovakian izan zen, %20rekin. Polonian estatu kide berrietan handiena eta populatuena %21,2koa izan zen. Soilik bi estatu kide berritan izan zuten esku-hartze handia. Hala, Zipreko alde greziarrean alde turkiarra ez da EBn sartu herritarren %71,19k hartu zuten parte, eta Maltan %82,37k. Gainerako kide berrietan ere parte-hartze txikia izan da: Estonia (%26,89), Txekiar Errepublika (%27,9), Eslovenia (%28,19), Hungaria (%38,47), Letonia (%41,23) eta Lituania (%46,05). Kontserbadoreak nagusitu dira Txekiar Errepublikan, Zipren, Hungarian eta Eslovenian; liberalak Polonian; laboristak Lituanian, sozialdemokratak Estonian eta nazionalistak Letonian.