Europako Parlamentuak diputatu estatusa onartu dio Oriol Junqueras Kataluniako presidenteorde kargugabetuari. U-1aren harira hamahiru urteko kartzela zigorra ezarri zion Espainiako Auzitegi Gorenak, eta, sententzia horretan oinarrituta, Espainiako Hauteskunde Batzordeak adierazi zuen Junquerasek ezin zuela europarlamentari kargua hartu. Ganbera, ordea, ez da iritzi berekoa, eta espero du buruzagi katalana datorren asteleheneko saioan egotea.
Europarlamentuak, hortaz, Luxenburgok emandako iritziarekin bat egin du: Junqueras eurodiputatua zela Gorenak zigortu egin zuenean, eta, hortaz, immunitatea zuela. Gauza bera gertatu zen Carles Puigdemontekin eta Toni Cominekin, eta biek behin-behineko akreditazio bat jaso zuten iragan hilabetean; hortaz, ganberaren arabera, hiru politikari katalanek europarlamentari kargua hartu beharko dute datorren astean.
Pedro Sanchezen inbestidurari begira, Espainiako Estatuaren abokatuak ere iritzi bera eman zuen, eta babestu zuen Junquerasek eurodiputatu akta jasotzea.