Joan den ostiralaz geroztik, itsaso zabalean dago Aquarius itsasontzia. MSF Mugarik Gabeko Medikuak eta SOS Mediterranee erakundeek laguntza eskatu diete Europako gobernuei, ontzian daramatzaten 141 migratzaileak porturatu ahal izateko —15 urtetik beherako 38 adingabe daude ontzian; gazteenak 12 urte ditu—. Europako estatuek hasiera batean eskaerari entzungor egin badiote ere, gaur jakin da sei estatu kidek akordioa hitzartu dutela migratzaileak hartzeko. Herrialde horietatik bi dira Espainia eta Portugal, 60 pertsona hartuko ditu lehenak eta 30 bigarrenak.
Aurrez, Kataluniako Generalitateko presidente Quim Torrak gonbita egin die bi erakundeei bertako portuetara joateko. Sare sozialen bidez zabaldu du mezua, eta jakinarazi ontziari porturatzeko baimena eman diezaiotela eskatu diela Generalitateak kudeatzen dituen portuei: "Katalunia beti izango da harrera lurraldea".
Korsikako gobernuburu Gilles Simeonik ere beste hainbeste egin du, eta galdegin dio Europari ezar dezala giza laguntzarako "benetako politika bat" Mediterraneoan.
#Aquarius: la Corse & ses ports restent disponibles pr une aide humanitaire d'urgence. J'ai écrit aux Pdts des îles & régions de Méditerranée: nous devons exiger des États de l'UE qu'ils mettent en place une vraie politique européenne en matière d'aide humanitaire en Méditerranée pic.twitter.com/h8fwmBqVJT
— Gilles Simeoni (@Gilles_Simeoni) 2018(e)ko abuztuaren 14(a)
Aquarius-en doazen migratzaileez gain, azken orduetan Mediterraneoan galduta zebilen beste ontzi bateko ehun pertsona inguru ere hartuko dituzte estatu kideek.