AI Amnesty International gobernuz kanpoko erakundeak salatu du Europan areagotu egin dela musulmanen aurkako jazarpena, bereziki lan esparruan eta ikastetxeetan. AIk dioenez, Europako gobernuek ez dituzte baliabide nahikoak paratzen musulmanekiko dauden estereotipo txarrak gainditzeko, eta, hori ez ezik, erabaki politiko batzuek diskriminazioa areagotu dute. «Emakume anitzek ez dute lanik aurkitzen, eta neskei kargu hartzen diete klasean zapia eramateagatik. Gizonezkoak, berriz, lanetik bidaltzen dituzte bizarra luze eramateagatik. Politikariek, estereotipo horiek errefusatu beharrean, botoak irabazteko baliatzen dituzte», salatu du Marco Perolini AIko diskriminazio arloko adituak.
Aukeraketa eta aurreiritzia: musulmanen diskriminazioa Europan izena du AIren txostenak. Belgikan, Espainian, Frantzian, Herbehereetan eta Suitzan egin du ikerketa gobernuz kanpoko erakundeak. Galiziako eta Herrialde Katalanetako adibide zehatzak ere aipatu ditu. Horietako batzuk eskoletako diskriminazio gisa identifikatu ditu AIk, eta garrantzi berezia eman dio emakume musulmanei buruko zapia debekatzeari. «Kultura eta erlijio sinboloak janztea adierazpen askatasunaren parte da. Erlijio edo sinesmen askatasunaren parte da, eta neska horiek gainerako fededunen eskubide bera dute», erran du Perolinik.
Burkaren debekuaren aurka
Espainiako hainbat udalerrik burka debekatzeko hartutako erabakia ere kritikatu du AIk. Peroliniren ustez, erabaki hori ezin da justifikatu genero berdintasunaren ikuspegitik, bertzeak bertze, gutxiengo etniko eta erlijiosoetako emakumeak «are gehiago estigmatizatzen» dituelako arau horrek. Perolinik bereziki Belgika, Herbehereak eta Frantzia kritikatu ditu lan munduan musulmanei oztopoak paratzeagatik. Hain zuen, iganderako Frantziako hainbat erakunde musulmanek manifestaziora deitu dute Parisen «erradikalismo erlijiosoaren aurka», Okzitaniako Tolosan gertatutako hilketen harira.
Europan musulmanekiko jazarpena areagotu da AIren arabera
«Politikariei» botoak irabazteko estereotipoez baliatzea leporatu die gobernuz kanpoko erakundeak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu