Europara Errusiako petrolioa garraiatzen duen bide baten hornikuntza eten du Bielorrusiak

Errusiak muga zergak ezarri ondoren, hark ere ordain ditzan hartu du neurria Bielorrusiak

Kristina Berasain Tristan.
2007ko urtarrilaren 9a
00:00
Entzun
Druzhba petroliobidearen hornikuntza eten du Bielorrusiak. Europara Errusiako petrolioa garraiatzen duen oliobidea da Druzhba. Alemania eta Polonia hornitzen ditu iparraldeko adarrak eta hegoaldekoak, berriz, Ukraina, Eslovakia, Hungaria eta Txekia. Errusiak egunero 1,8 milioi upel ponpatzen ditu orotara 4.023 kilometro dituen petroliobide horren bidez, atzerrira garraiatzen duen petrolio guztiaren bi bosten, hain zuzen ere. Alemaniak, esaterako, inportatzen duen petrolioaren bosten bat oliobide horretatik jasotzen du.

Druzhba izenak adiskidetasuna esan nahi du baina egoera guztiz kontrakoa da. Minsk haserre dago Moskurekin. Horregatik eten du erregaiaren hornikuntza. Errusiak Bielorrusiari gasik gabe uzteko mehatxua egin zion eta, ondorioz, azken orduko akordio bat hitzartu zuten abenduaren 31n. Moskuri mila metro kubo gas bakoitzeko ehun dolar ordaindu beharko dizkio aurten Minskek -iazko bikoitza-.Bielorrusiako ekonomia pobretuarentzat asko da, baina ondo dago beste herrialde batzuk ordaintzen dutenaren aldean. Errusiak Europari saltzen dion gasa garraiatzeko prest agertu zen, trukean, Bielorrusia. Gasaren gatazka konponduta, baina, petrolioarena etorri da orain.

Minskek, petrolioa garraiatzeagatik, muga zergak ordaintzeko eskatzen dio orain Moskuri -45 dolar tona bakoitzeko-. Errusiak abenduaren hasieran petrolioa inportatzeagatik herrialdeari ezarritako muga zergen errepresalia da eskaera. Tona bakoitzeko 180,7 dolar ordaindu beharko dizkio Bielorrusiak Errusiari. Mosku munduko petrolio esportatzaile nagusia da eta horretarako ezinbestekoak ditu oliobideak. Bielorrusiakoak tartean. Urtero 90 milioi tona erregai esportatzen ditu bertatik. Alemania, Polonia eta Ukraina dira petrolio horren %70ren helmuga.

Minski petrolioa «bahitzea» leporatu zion atzo Moskuk. Simon Vainshtok Transneft Errusiako oliobideen enpresa estataleko zuzendariak hornikuntza iragan larunbatean eten zutela adierazi zuen eta hori «legez kanpokoa» zela: «Inori aurretik jakinarazi gabe hartu zuten neurria». Bielorrusiak atzo onartu zuen petrolio hornikuntza eten egin zuela. Larunbatean, aldiz, petrolioarekin kontrabandoan aritzea leporatu zion Moskuri.

Errusiarekiko menpekotasuna hausteko baliabide naturalak ustiatzeko eta horrela energia lortzeko egitasmoa onartu berri du Bielorrusiak. Energia alternatiboak garatzea ere aztertzen ari da, eolikoa eta geotermikoa tartean.



EUROPAKO BATZORDEAREN DEIA. Errusiari eta Bielorrusiari krisi honen inguruko azalpenak eskatu zizkien atzo Europako Batzordeak. Ferran Tarradellas Energia bozeramaileak neurriak momentuz ez duela ondorio larririk eragingo adierazi zuen: «momentuz ez dago larritzeko arrazoirik». Poloniak 80 egunetarako petrolio erreserbak ditu eta 130 egunetarako, berriz, Alemaniak. Europa, hala ere, kezkatuta dago. Errusiarekiko menpekotasuna, izan ere, handia da.

Ukrainarekin iazko urtarrilean gertatutako krisi energetikoa errepikatzearen beldur da ere Europa. Ukrainarekin adostasun batera iritsi ezin eta gas esportazioak eten zituen orain urtebete Errusiak. Europara esportatzen den gas errusiarraren %80 pasatzen da Ukrainatik. Europako Batzordea menpekotasun horri mugak ezartzea eta gatazka horien ondorioak saihestea xede duen egitasmo bat da aurkeztekoa bihar.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.