Migratzaileak

Europaren bidetik Latinoamerika ere

Milatik gora venezuelarrek ihes egin dute Brasildik, erasoen ostean. Gobernuak iragarri du militar gehiago bidaliko dituela mugara. Ekuadorrek eta Peruk ere gogortu egin dute mugako zaintza. Costa Rican, berriz, protestak egin dituzte asteburuan Nikaraguako migratzaileen aurka.

Manifestariek erre egin dituzte etorkinen kanpadendak. GERALDO MAIA, EFE
arantxa elizegi egilegor
2018ko abuztuaren 20a
11:55
Entzun

Ustez Venezuelakoa zen etorkinen talde batek Pacaraimako merkatari bati egindako erasoa izan zen herritarrak kalera irtetera bultzatu zituena. Herria Venezuelako mugatik gertu dago, Roraima estatuan, eta hura izan ohi da herritik ihesi doazen migratzaileen lehen geltokia. Horiek hala, tentsio uneak ohikoak izan ohi dira herritarren eta migratzaileen artean. Ordea, merkatariaren aurkako erasoak haserrea eragin zuen herrian. Hala, dozenaka lagunek kanporatu egin zituzten migratzaileen kanpalekuetan zeuden milatik gora etorkin, eta, ondoren, su eman zieten kanpadendei.

Azken urte eta erdian, 50.000 venezuelarrek igaro dute muga Brasil aldera. Juliano Torquato alkatearen esanetan, herria ez da gai etorkin guztiei oinarrizko zerbitzuak emateko: "Agintariak entzungor egiten ari dira. Ez dugu baliabide gehiago, eta, halako batean, egoera lehertu egingo da".

Asteburuko gertakarien ostean, Brasilgo Gobernuak iragarri du militar gehiago bidaliko duela Venezuelarekiko mugara, eta larrialdietarako beste aterpe bat zabalduko duela, ihesi dozen migratzaileei lehen arreta eskaintzeko. Dena den, Pacaraiman ez ezik, Boa Vistan ere arazoak dituzte migratzaileak artatzeko. Roraimako hiriburua da Boa Vista, eta han dauden etorkinentzako gunerik gehienak. Han, orotara, 25.000 migratzaile daudela uste da, haietako batzuk nahikoa baldintza txarretan.

Egoera horretan, mugak ixteko eskatu dio Gobernuari Suely Campos estatuko gobernadoreak. Brasil ez litzateke izango halakorik egiten lehena. Izan ere, datorren asteburutik aurrera pasaportea duten venezuelarrak soilik sartu ahal izango dira Perun. Barne ministroak "segurtasun arrazoiak" jarri ditu aitzakia neurri hori hartzeko garaian: "Herritarrak eta eurak babesteko neurria da, gaixotu edo istripuren bat izango balute ere".

Protestak Costa Rican

Egoera ez da hobea Costa Rican. Azken asteetan, ugaritu egin da Nikaraguatik ihesi muga igarotzen dutenen kopurua, eta horrek migratzaileen aurkako protestak indartu ditu. Asteburuan, esaterako, ehunka lagunek hartu dute parte eskuin muturreko mugimenduek San Josen antolatutako manifestazioan. Protestaren amaieran istiluak piztu dira, eta gutxienez 44 pertsona atxilotu dituzte.

Egoera larria dela onartu du Carlos Alvarado presidenteak, eta lasaitasunerako deia egin du: "Gorrotoa eta indarkeria bultzatzen dutenei elkartasunarekin erantzun behar diegu. Denok gara beharrezkoak urteetan eraikitako bakeari eusteko".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.