Ostiralean, bi ontzitan zihoazen 141 migratzaile erreskatatu zituen Aquarius itsasontziak. Libiako kostaldearen parean aurkitu zituzten, hainbat orduz noraezean ibili ostean, hondoratzear zeuden bi ontzitan. Erreskate taldea koordinatzen duten Mugarik Gabeko Medikuak eta SOS Mediterranee erakundeak berehala jarri ziren harremanetan Libia, Tunisia, Italia eta Maltarekin —horietara eraman ohi dituzte itsasoan aurkitutako migratzaileak—, eta euren egoeraren berri eman zieten.
Gobernuz kanpoko erakundeek, hala ere, zehaztu dute Libia ez dela herrialde segurua, eta Maltak eta Italiak iragarri dute ez diotela ontziari porturatzen utziko. Espainiak ere uko egin dio migratzaileak jasotzeari, argudiatuta, ez dela toki segurua, "nazioarteko zuzenbidearen arabera, ez delako ontzitik gertuen dagoen portua".
Hala, itsasontziak laguntza eskatu die Europako Batasuneko herriei. Atzo eguerdian egin zuen deia, eta erantzunaren zain daude oraindik ere itsaso zabalean. "Erreskateak koordinatzeko gune bat eraiki nahi du Europak Libian, baina asteburuan gertatutakoak argi uzten du ez dela gai halakorik egiteko. Erreskate bat ez da amaitzeko pertsona horiek portu segurura heltzen diren arte. Libiak esan digu eurak ez direla gai segurtasun hori eskaintzeko. Horrez gainera, ez ziguten esan migratzaileak zeudela itsasoan, nahiz eta guk laguntza eskaini", salatu du Aloys Vimardek, Aquarius poriektuko zuzendariak.
Proiektuaren koordinatzaileak kritikatu du migratzaileak zihoazen ontziek beste hainbat itsasontziri eskatu zietela laguntza Aquarius-ekin topo egin aurretik, eta guztiek uko egin zietela haiek hartzeari. "Itsasoan galduta dagoenari laguntzea oinarrizko betebeharra den arren, ontzi asko beldur dira halakorik egiteko, badakitelako porturatzeko arazoak izango dituztela".
Isiltasuna nagusi
Ez da lehen aldia Aquarius halako ataka batean dagoela. Ekainaren hasieran ere laguntza eskatu zuen itsasontziak, eta, orduan, Espainiako gobernuburu Pedro Sanchezek erantzu zion deiari, Valentziako Generalitateko presidente Ximo Puigek bertan porturatzeko eskaintza egin ostean. 629 migratzaile zeramatzan orduan ontziak, eta, hasieran Korsikako Gobernuak ere bere portuak eskaini bazizkion ere, Frantziak ez zion baimenik eman eta Italiak ateak itxi zizkion.
Emandako itxura txarra konpontze aldera, Alemaniako kantziler Angela Merkelek adierazi zuen "migrazioaren krisiari erantzun europarra" emateko beharra zegoela. Paris, berriz prest agertu zen "asilo irizpideak" betetzen zituzten migratzaileak hartzeko. Ordea, aldi honetan ere ez batak ez besteak ez diote erantzun laguntza deiari.