Grezia. Legebiltzarrerako hauteskundeak

Europaren etorkizuna jokoan

ND alderdi kontserbadorea eta Siriza ezkerreko koalizioa pare-parean daude lehiaren buruan, azken inkesten araberaMerkelek esan du espero duela neurritasun plana beteko duen alderdi batek irabaztea

Europaren etorkizuna jokoan.
2012ko ekainaren 17a
00:00
Entzun
Gaur legebiltzarra aukeratuko dute Grezian. Baina parlamentuaren osaketa baino askoz ere gehiago dago jokoan, neurri handi batean Europaren eta euroaren etorkizuna ere erabakiko baitute greziarrek hautestontzietan. Inkesta guztien arabera, Antonis Samaras ND Demokrazia Berriko hautagai kontserbadorea eta Alexis Tsipras Sirizako hautagai ezkertiarra parez pare daudelehiaren buruan. Irabazten duenak irabazten duela, ordea, zerbait aldatuko da Europan. Izan ere, orain arte troikarekin —EB Europako Batasunak, NDF Nazioarteko Diru Funtsak eta EBZ Europako Banku Zentralak osatua— negoziatutako erreskate planak exijitzen dituen murrizketak bere horretan onartzeko prest zegoen ND, eta hark ere diskurtsoa aldatu du, bozen gertutasunak —eta ezkerraren gorakadak— bultzatuta, eta berriz negoziatu behar dela adierazi du.

Euroa ala drakma. Hori da jokoan dagoena Samarasen hitzetan, Sirizaren garaipenak euroaren amaiera ekarriko duela esan baitu. Ezkerreko koalizioak, baina, Eurogunean jarraitzearen alde egin du, haren aurkariek kontrakoa esan arren. Neurritasun plana da Sirizak gogor arbuiatu duena, eta krisitik irteteko hazkunde politikak beharrezkoak direla defendatu du. NDri eta Pasok sozialdemokratari Sirizaren aurka «izu kanpaina» egin izana leporatu die alderdiko buruak. Bi horiek, hain justu, beherakada handia izan zuten maiatzeko bozetan, eta murrizketen aurka bozkalekuetan emandako mezua ulertu izan ez balute bezala aritzea leporatu die Tsiprasek. Legebiltzarrean ordezkaritza lortu zuten zazpi alderditik bik bakarrik defendatzen dute troikaren neurritasun plana —NDk eta Pasokek—, eta Alderdi Komunistak bakarrik egin du eurotik ateratzearen alde.

Bigarrenez joango dira herritarrak botoa ematera hilabete bateko epean. Osatu ezinezko puzzlea izan baitzen iragan maiatzaren 6ko bozetako emaitza. Zazpi alderdik lortu zuten ordezkaritza parlamentuan, baina batek ere ez zuen gobernua osatzeko behar adina babes eskuratu, eta berriz ere hauteskundeetara deitu behar izan zuen Karolos Papulias presidenteak —horrek ere batasun gobernu bat osatzeko ahaleginean huts egin ondoren—. Gaurko bozetan mosaiko bera errepikatzearen beldur dira greziarrak. Inkesten arabera, maiatzean ordezkaritza lortu zuten zazpi alderdiek berriz lortuko dute legebiltzarrean sartzea, eta baita beste batek ere.

Europa ezkerraren beldur

Sirizak hauteskundeak irabazteko aukerak alarma guztiak piztu ditu Europan, eta Tsiprasek gidatutako Greziaren irudia infernuaren pare jarri dute, herritarrek NDren aldeko hautua egin dezaten. Izan ere, alderdi horrek men egin die Europaren agindu guztiei orain arte. Troikak argi utzi du neurritasun plana ez dela negoziagarria, eta, Sirizak irabazten badu, Grezia amildegi ertzean kokatuko dela ohartarazi du.

Wolfgang Schauble Alemaniako Finantza ministroaren hitzetan, ordea, eskuinak ala ezkerrak irabazita ere, Grezian ez da ezer aldatuko. «Greziarrek nahi dutena bozkatzeko askatasuna daukate. Herrialdearen egoera ez da emaitzarekin aldatuko. Neurri gogorrak hartu beharko dituzte». Tsiprasen aburuz, ordea, Sirizak irabazita ere Bruselak neurritasun politikak exijitzen jarraitzen badu, «Europako Batasunak agerian utziko du ez duela demokrazia onartzen».

Bruselatik Reuters agentziari filtratutako informazioen arabera, planak egiten ari dira Grezia Eurogunetik aterako balitz eman beharreko pausoak zehazteko. Besteak beste, kutxazainetatik dirua ateratzeko aukera mugatzea aztertzen aritu direla aipatu dute, baita Schengengo akordioa baliogabetzea ere. Hasiera batean ez zuten zehaztu non ezarriko zituzten neurri horiek, baina gerora «gutxienez Grezian» aplikatuko zituztela adierazi zuten. Sirizaren ingurutik, baina, herritarrei presio egiteko kanpainaren barruan kokatu dituzte informazio filtrazio horiek.

Jarrera aldaketa

Azken egunetan, baina, Greziako ezkerrarentzat berri itxaropentsuak ere heldu dira Europatik. Espainiaren erreskateak, esaterako, Greziari ituna negoziatzeko ateak ireki dizkio. Bai Tsiprasek eta bai Samarasek Madrilek lortutako akordioari erreferentzia egin diote, eta nabarmendu dute agerian uzten duela Europarekin negoziatu ahal izango dela. «Espainiak baldintzarik gabeko finantzaketa lortu ahal badu, zergatik ez du Greziak eurogunean jarraituko akordio penagarririk gabe?», galdegin du Tsiprasek.

Azken egunetan, Bruselako zenbait agintarik jarrera leundu dute. Igandean, esaterako, Jean Claude Juncker eurotaldeko presidenteak oker aritu direla aitortu zuen, eta esan zuen Greziari murrizketen erritmo jasangaitza inposatu diotela. Hermann van Rompuy Europako Kontseiluko presidenteak ere berriki adierazi du edozer egiteko prest dagoela greziarrak euroan jarrai dezaten. Hain justu, murrizketak arintzea eskatzen badute ere, euroan jarraitu nahi duherritarren %85ak, azken inkestek agerian utzi dutenez.

Frantzian François Hollande sozialistaren garaipena ere berri ontzat jo du Sirizak; izan ere, horrek aldaketak eragin nahi ditu Angela Merkelek zuzentzen duen neurritasunaren Europan. Hiru puntutan laburbildu du Hollandek ekonomiarako duen plana: hazkundea lehenik, finantza sistemaren egonkortasuna bigarrenik, eta Europako erakundeen erreforma azkenik. Alemaniako kantzilerrak nahi du murrizketen bidetik Europa itomenera daramala jabetzea nahi du. Horrek, baina, neurritasun plana beteko duen alderdien alde egin du bozen bezperan.

Christine Lagarde FMIko buruak ere Grezian irabazten duenarekin negoziatzeko prest dagoela esan du. Helburua herrialdea Eurogunetik ateratzea saihestea dela argitu du, horrek Europako gainontzeko kideentzat «ondorio larriak» eragingo lituzkeela onartu baitu.

Eskuina, muturrerantz

Eskuinaren erradikalizazioa izan da krisi ekonomikoaren ondorioetako bat. Maiatzean Egunsenti Urrekara talde neonaziak ordezkaritza lortu zuen legebiltzarrean, eta gaur ere hala egitea espero da. Baina, ND ere gero eta muturrerago ari da botoen bila. Immigranteen aurkako mezuak gogortu ditu Samarasek azken hilabeteetan. Adituek diotenez, krisi ekonomikoak muturreko joeren loraldia eragin du, bai ezrrekoena eta bai eskuinekoena ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.