MUNDUA

Europari krisia kontrolatzeko deia egin dio G20 taldeak

Mexikoko goi bilera gaur amaituko da, mezu zuzenarekin: "Eurogunearen osotasun eta egonkortasuna gordetzeko beharrezko neurri guztiak hartuko ditugu". 

2012ko ekainaren 19a
12:50
Entzun

G20 taldea osatzen duten herrialdeek krisi kontrolatzeko deia egin diote Europari. Gaur amaituko da Mexikon burutu duten goi bilkura eta mezu zuzena bidali dute herrialdeek: "Eurogunearen osotasun eta egonkortasuna gordetzeko beharrezko neurri guztiak hartuko ditugu". 

Gaur onartuko duten testuak herrialdeek eurogunea salbatzeko duten konpromisoa berresten du, hainbat hedabidek aurreratu dutenez. Bertan ongietorria ematen zaio Espainiako erreskateari. Nazioarteko Diru Funtsaren  arabera, bankuek 40.000 milioi euro beharko dituzte; aldiz, merkatuek diotenez, azkeneko kopurua 60.000 eta 70.000 milioi eurokoa izango da.

Hain zuzen, Euroguneko krisi izan da gai nagusia bileran. G20ko herrialdeek Euroguneko krisiak mundu osoko egonkortasun ekonomikoa kolokan jartzen dutela uste dute eta beharrezkotzat jo dute "guztiek hazkunde globala bultzatu eta merkatuetara konfidantza itzuliko duten neurriak hartzea" . Hala, taldeak begi onez ikusi ditu Europako Batasunak egin nahi dituen erreformak, artean bankuen batasuna. Dirudienez, finantza egitura berrirako lehenengo pausoa izango da.

Horretarako, G20koek Europako bankuentzako ikuskatzaile bat martxan jartzeko neurriak bideratuko dituzte, baita guztien gordailuen funtsa eratzea ere eta babes neurriak sortzea erakundeak birkapitalizazea lortzeko.

Goi bilkuran Europak hartu beharreko bi neurri nabarmendu dituzte: merkatu finantzieroen funtzionamendua hobetzea eta bankuen eta herrialdeen zorraren arteko lotura apurtzea. 

Bestalde, Nazioarteko Diru Funtsari 450.000 milioi euroko ekarpena egitea adostu dute 12 herrialdek, Euroguneko krisia beste herrialdeetara hedatzea sahiesteko. 

Hurrengo goi bilera urtebetera egingo dute, San Petersburgon (Errusia). 

Euroguneko krisia aztertzeko bilera atzeratu dute

Barack Obama AEBetako presidenteak eta G20ren bileran parte hartzen ari diren Europako buruzagiek atzeratu egin dute euroguneko krisia aztertzeko bilera. Bilera atzo egin behar zuten, baina batzarra beste baterako uztea erabaki dute agenda arazoak medio.

Ez dute zehaztu bilera gaur egingo ote den; nolanahi ere, gaur da goi-bileraren azken eguna. Obamak, Mariano Raxoi Espainiako presidenteak, François Hollande Frantziako presidenteak, Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak eta Mario Monti eta David Cameron Italiako eta Erresuma Batuko lehen ministroek parte hartu behar zuten bileran.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.