Frantziako metropolian datorren igandeko erreferendumaren karietara egunero plazaratzen diren inkesta ia guztiek ezetza garaile izango dela aintzat hartuta, zalantzan daudenei edo normalean aintzat hartzen ez diren herritarrei zuzendu dira kanpainan zehar baietza sostengatu duten agintariak. Frantziaren menpe dauden Itsas Haraindiko Departamendu (DOM) edo Lurraldeetako (TOM) hautesleei mezu etengabeak bidali dizkiete.
Orotara 1.420.000 pertsona erroldatuta daude DOM Guadalupe, Guyana Frantsesa, Martinika eta Reunion eta TOM Kaledonia Berria, Mayotte, Polinesia Frantziarra, Saint-Pierre eta Mikelune eta Walis eta Futuna estatutua duten herrialdeetako hautesle zerrendetan. Indiako Ozeanoan kokatua dagoen Reunion uharteak du, ildo horretan, pisurik handiena 463.676 hautesle eta eragin txikiena izan dezakeena, berriz, Quebeceko itsasaldean kokatuak dauden Saint-Pierre eta Mikelune dira 4.813 hautesle.Erreferendumaren bidea hobetsi duen Jacques Chirac presidentea ohartu da, emaitza estu-estua izango duen bozketa batean, munduan zehar barreiatuta dituen hautesleen botoak erabakigarriak izan daitezkeela, kopuruz urriak izan arren. DOM eta TOMeko herritarrei RFO telebista eta irrati katearen bitartez zuzendu zitzaien, joan den maiatzaren 20an, baiaren alde boto egin zezaten. Chiracek dramatizazioaren jokabideari ekin zion ezetzaren garaipenak harreman ekonomikoak nabarmen zaildu egingo zituela esanez. EB Europako Batasunetik garapenerako dirulaguntzak jasotzen dituztela gogorarazi zien: «Konstituzioak laguntza hauek bermatzen ditu, baina ezetza ateratzen bada, Frantzia eskakizunak egitera behartuta egongo da; alabaina, Europaren eraikuntzari muzin egiten badio, uste al duzue beste herrialdeek hauetatik gehienek itsas-haraindiko lurralderik ez dutelarik begikotasunez hartuko gaituztela? Ezta pentsatu ere».Errepublikako presidenteaz gain, politika arduradun andanaren bisita izan dute, azken asteotan, itsas haraindiko biztanleek. Baiaren aldeko boza sustatzera bertaratu direnen artean Brigitte Girardin Itsas Haraindiko ministroa, Claudie Haignere Europako arazoetako ministroa, Dominique Strauss-Kahn eta Bruno Leroux burukide sozialistak eta Bernard Le Hideux zentrista daude. Ezaren joera azaltzeko, berriz, bidaia egin dute Marie-Georges Buffet PCF alderdi komunistako buruzagiak, Henri Emmanuelli sozialistak eta jatorriz Guyana Frantsesekoa den Christiane Taubira ministro ohiak.
Dirua agortzearen mehatxua
EBtik jasotzen dituzten diru laguntzak gutxituko direlako argudioak oihartzunik izan dezakeela jakin badakite baietzaren aldekoek. EBk, gaur egun, 175 milioi euro gastatzen ditu urtero, Itsas Haraindiko Departamenduei eta Lurraldeei diruz laguntzeko eta beste 3,3 milioi euro emango dituzte 2000 eta 2006 urteen artean RUP Bazter-bazterretako Eskualdeen garapena sustatzeko.
Europako dirulaguntzen kontua politika helburu baterako baliatzea gogor salatu dute ezetzaren aldekoek. Hauek, ostera, azpimarratzen dute itsasoz bestaldeko herrialde eta lurraldeen kontua hizpide duen itunaren III-424 atalak ez duela «inolako bermerik hitzartzen zerbitzu publikoen egonkortasunaz, lanpostuak sortzeaz edo mantentze egitasmoez edo egituraketarako inbertsioen luzapenez». Frantziako metropolian bezala, departamendu eta lurralde hauetan ere hautsak harrotu ditu erreferendumak. Alderdi frantziarren kontutik, joera berdintsuak baldin badira, egoera nahasiago edo korapilatsuago da indar politiko autonomista edo independentisten aldetik. Hala, berriki edo lehenagotik, abertzaletasuna, hauteskunde emaitzen kontuetan, nabarmen hazi egin den Kaledonia Berrian, Martinikan eta Polinesian ez da baietzaren edo ezetzaren aldeko jarrera finkorik azaldu.Kaledonia Berrian FLNKS Kanak eta Sozialista Askapen Frontearen bi talde nagusiak dira Union Caledonienne eta Palikari. Lehenak bere kide eta jarraitzaileei nahi duten aukera egiteko zilegitasuna utzi die eta bigarrenak, bestetik, abstentziora jotzea gomendatzen du. Polinesia Frantziarrean, bertako gobernu autonomoaz jabetu berri den burujabetzaren aldeko UPLDk ere ez du baietzaren edo ezetzaren aldeko aukerarik aholkatuko. Gobernu autonomoko presidentetza berreskuratu duen Oscar Temaruk, baina, adierazi zuen baia ematea hobesten zuela. Parisera egin berri duen bidaian egin zituen adierazpenak.
Hiru eurodiputatuetatik bat ezetzaren alde
Departamendu estatutua daukan Martinikan ere, MIM Martinikaren Independentziarako Mugimenduak ez du alde baterako edo besterako jarrerarik hartu. Jokaera hau azaltzearren, MIMeko arduradun nagusiorde Daniel Mariesaintek hauxe adierazi du: «Europako herriei zilegi zaie euren artean antolatzea eta berdina izan beharko litzateke Karibetako herrientzat ere; gure asmoa da batasun hauen arteko elkarlan bat bultzatzea».
Guadalupen, berriz, hauteskundeen emaitzak aintzat hartuta indar gutxiago duten abertzaleek ezetzaren aldekoak lirateke nagusiki.Reunionen aski indartsua den PCR alderdi komunistak metropolikoak aldarrikatutako jarrera berari eusten dio, hots, eza emateari. Hautesle kopuru handiena duen uharte honetan ere, 200 sindikalistak eza ematearen aldeko deia egin dute eta hamabost bat talde politiko edo gizarte eragile bateratzen dituen kolektibo batek helburu beraren alde aritu da lanean. Itsas Haraindiko Departamendu eta Lurraldeak ordezkatzen dituzten hiru eurodiputatuetatik bi baietzaren aldekoak dira eta bat, aldiz, ezetzaren aldekoak. Reunionekoak dira hirurak.Paristik milaka kilometrotara dauden lurralde hauetan baiak edo ezak garaituko duen aurreikustea zaila bada ere, ia segurutzat eman daiteke, ordea, abstentzio handia egon dela; izan ere, horrela gertatu da Europako kontuei lotutako bozketa guztietan. Maastrichteko itunaren galdeketan 1992 itsas haraindiko bizilagun gutxik eman zuten botoa. Waalis eta Futunan%54,39 izan zen parte hartzea;%33,74 Kaledonia Berrian; Reunionen %27,44; Martinikan %24,44; %21,16 Polinesia Frantziarrean; %18,77 Guyana Frantsesan, %16,66 Guadalupen; %9,58 Saint-Pierre eta Mikelunen eta %5,73 Mayotten.
EUROPAKO KONSTITUZIOAREN ERREFERENDUMA FRANTZIAN. ITSASOZ BESTALDEKO HERRIALDEAK
Europatik urrun diren hautesleek erabaki dezakete erreferenduma
Itsasoz bestaldeko 1.420.000 bizilagunek eman dezakete boza, baina abstentzioa handia izan ohi da bertan Europa ardatz duten bozketetan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu