Kolonbian bezala, Euskal Herrian ere elkarrizketa eta akordioaren bidez «soilik» lor daiteke gatazka konpontzea. Hala adierazi zuten atzo Maribi Ugarteburu eta Asier Altuna ezker abertzaleko kideek Donostian egindako agerraldi batean. Kolonbiako bake prozesuan egindako urratsak goraipatu ditu ezker abertzaleak: «Prozesua martxan jartzeko, ezinbestekoak izan dira bi aldeen arteko elkarrizketa isilak egitea, nazioarteko bitartekaritzaren laguntzaz». Euskal Herriko prozesuak bide beretik joan behar duela uste dute.
Nabarmendu dute Kolonbian alde guztiek eutsi diotela konponbidea lantzeko bideari: «Lehenengo, FARCeko buruak erakutsi zuen konponbidearen aldeko jarrera; gero, fiskal nagusiak, eta, azkenik, Juan Manuel Santos presidenteak». Ezker abertzaleak «sostengu politikoa eta laguntza osoa» eskainiko dio Kolonbiako herriari. Baita Martxa Patriotikoa alderdi ezkertiar sortu berriari ere. «Kolonbiako herriak bakea eta justizia merezi ditu».
Ezker abertzalea hainbatetan izan da Kolonbian gatazken konponbide alorrean duen jarrera azaltzeko. Udaberrian, esaterako, CCP Bakearen Aldeko Kolonbiarrak elkartearekin bildu zen. Horrez gain, Martxa Patriotikoa alderdiak Kolonbian antolatutako martxan ere parte hartu zuen ezker abertzaleak, eta jakinarazi du irailean alderdi horrek Euskal Herrian egin asmo dituen ekimenetan parte hartuko duela.
«Euskal Herrian ere akordioaren bidez soilik lor daiteke konponbidea»
Ezker abertzaleak sostengu politikoa eskaini dio Kolonbiari, martxan jarri duen prozesua dela eta
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu