La Pazen (Bolivia) egin dute Sao Pauloko 20. Foroa, eta, bertan, Kataluniako independentziari buruzko erreferenduma eta euskal presoen eskubideak babestu dituzte adierazpen banatan.
Foroan parte hartu du Asier Altuna Sortuko kideak, eta Euskal Herriaren independentziaren alde mintzatu da bertan. Hura hitz egiten ari zela, euskal presoak Euskal Herriratzeko banderak haizatu dituzte hainbat lagunek entzuleen artean.
Altunak azaldu du euskal mugimendu independentista erabakitzeko eskubidearen aldekoa dela, eta eskubide hori "demokratikoa" dela gaineratu du. Katalunian independentziari buruzko galdeketa egitekoak direla oroitarazi du, eta erantsi Euskal herrian ere egingo dela "gehiengoak hala nahi duelako".
Arnaldo Otegiren askatasuna eskatu du Altunak, eta salatu "bidegabeki espetxeratua" dagoela "bakea, justizia eta Euskal Herriaren eskubideen alde estrategia berri bat abiatzeagatik".
Kataluniako galdeketa ere babestu du Foroak. Nabarmendu du "prozesu demokratikoa" abiatu duela Kataluniak "hautetsontzien bidez bere etorkizun politikoa erabakitzeko", eta horretarako lortutako adostasun maila txalotu du.